Kategoriak
elkarlanak Merkatu Soziala

Azaroaren 9ko Gobernu Kontseiluak hitzarmen bat onartu zuen Elankidetzaren (Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia) eta REAS Euskadiren artean, Latinoamerikako eta Euskadiko erakunde eta eragileen arteko lankidetza sustatzeko, ekonomia solidarioko zirkuituak sortu eta indartzeko. Horretarako, REAS Euskadi eta Comparte Sarea osatzen duten eragileen gaitasunak indartu nahi dira, bai eta eragin handiagoa izango duen ekonomia solidarioa garatzeko aukerak ere.

Azken urteotan, Alboan-ekin batera bultzatutako hainbat proposamenen esparruan, lankidetza-ekimen batzuk garatu dira Comparte Sarea eta REAS Euskadiren artean. Horiei esker, ezagutzak, esperientziak eta tresnak trukatu ahal izan dira, ekonomia solidarioa bultzatzeko, Latinoamerikan eta Euskadin jarduten duten lurraldeak eta komunitateak eraldatzeko tresna gisa.

Esperientzia horretatik abiatuta, bi sareen arteko topaketarako eta lankidetzarako gune bat bultzatu nahi da, ekonomia solidarioan oinarritutako alternatibak garatu ahal izateko. Lurralde bereko eragileen artean eta lurralde desberdinen artean agendak eta praktikak elkarrekin eraikitzeko espazio bat sustatzea da helburua, elkarlanaren, elkarrekikotasunaren eta espazio horizontal eta kolaboratiboen eraikuntzaren bidez trukea, transferentzia eta tresnen eraikuntza sustatuz.

Onartutako hitzarmenaren bidez, Latinoamerikan Ekonomia Zirkuitu Solidarioak eta Euskadin Merkatu Sozialak deiturikoak eraiki eta indartzeko proposamenak identifikatu nahi dira. Oinarrizko beharrizan pertsonalak eta kolektiboak trukatzeko eta asetzeko zirkuitu alternatiboak bultzatu nahi dira, ekonomia solidarioaren garapenaren esparruan eta mundu justuagoa, gizatiarragoa eta jasangarriagoa eraikitzeko estrategia gisa.

Horretarako, ekimenak hainbat jarduera garatzea aurreikusten du; besteak beste, lurraldearen irakurketa estrategikoak, prestakuntza-espazioak, truke-foroak eta abar egitea, ekonomia solidarioa garatzeko eta indartzeko beharrezkoak diren zirkuitu ekonomiko alternatibo horiek identifikatu eta eraiki ahal izateko.

Azken batean, Latinoamerikan eta Euskadin ekonomia solidarioaren sareak eta praktikak indartu nahi dituen ekimen bat da, eta, batez ere, ekonomia bidezkoago, inklusiboago eta ekologikoago baten zerbitzura dagoen espazio bat eraiki nahi du, bai tokian-tokian, bai oro har.