
REAS Euskadik bat egiten du datorren asteazkenean, azaroaren 11n, egingo den Greba Orokorraren deialdiarekin. Gure sare konfederalak, REAS Red de Redesek, hartutako jarrerari jarraituz, premiazko deia egiten dugu mobilizatzeko, etxebizitza, elikadura eta zaintzak bezalako oinarrizko eskubideak merkantilizatzen dituen eredu ekonomikoaren aurka.
Sarea osatzen dugun erakunde eta proiektuetatik egunero erakusten dugu beste ekonomia erreal bat posible dela, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren sei printzipioetan oinarrituta: ekitatea, lana, ingurumen-jasangarritasuna, lankidetza, aberastasunaren bidezko banaketa eta ingurunearekiko konpromisoa. Hain zuzen ere, bizitza erdigunean jartzen duen eguneroko jardun horretatik abiatuta, merkatuaren gehiegikeriak geldiarazteko premia partekatzen dugu. Horregatik, erabat babesten ditugu greba-eguneko aldarrikapenak: soldatak igotzea, lanaldia murriztea, lanak eta aberastasuna banatzea eta zaintzak aitortzea.
Gure erakunde bazkideentzako gonbidapena
Mobilizazioa arrakastatsua izan dadin, REAS Euskaditik gure erakunde bazkide guztiei dei egiten diegu honako ekintza hauen bidez parte har dezaten:
- Grebarekin bat egitea eta langileei zein bazkideei greba egiteko erraztasunak ematea.
- Azaroaren 11n jarduera etetea edo murriztea, funtsezko zaintza-zerbitzuetan izan ezik.
- Auzoetako eta sektoreetako greba-batzordeetan eta etxebizitzaren aldeko mugimenduaren batzarretan parte hartzea.
- Kontsumo-greba sustatzea.
- Aldarrikapenekin bat egiteko adierazpena eta informazio-materialak eskura dauden sare eta kanal guztietan zabaltzea.
Etorri gurekin! Ekonopolotik abiatuko gara
Bilbon, elkarrekin mobilizazioetara joateko antolatuko gara. Ekonomia Solidarioaren blokera batu nahi duten pertsona eta erakunde guztiok 8:30ean elkartuko gara Ekonopolon (Harrobi plaza 4), San Frantzisko auzoko zutabearekin bat egiteko eta Udaletxeko zutaberantz abiatzeko. Beranduago iritsiko bazara, deitu 944 160 566 zenbakira, eta esango dizugu non gabiltzan.
Azaroaren 11 honetan kalera aterako gara etxebizitzarako eskubidearen alde eta merkatuaren ordez bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu ekonomiko baten alde. Kalean ikusiko dugu elkar!

