Sendotzen programak bosgarren edizioa estreinatu du ESSko erakundeak eta enpresak indartzen jarraitzeko REAS Euskadi 2026/11/03

Sendotzen programak bosgarren edizioa estreinatu du ESSko erakundeak eta enpresak indartzen jarraitzeko

sendotzen 2026 (1)

Urriaren 20an hasi zen Ekonopoloan Sendotzenen bosgarren edizioa (2026-27), urte eta erdian zehar Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeak indartzen laguntzeko REAS Euskadik eta Bilbao Ekintzak sustatutako programa. 

Inaugurazio-saioan, proiektuak ezagutzera eman ziren, baita prozesu osoan lagun izango duten tutore-taldea ere. Topaketan, programa eta aholkularitza-ibilbiderako ardatz nagusia aurkeztu ziren: aurrekontu-kudeaketa. Laguntza horren oinarria erakunde bakoitzaren plangintza ekonomiko-finantzarioa zehaztea da; plangintza hori hiru hilean behin berrikusiko da, proiektuaren bilakaera neurtzen duten adierazleen bidez, erabaki estrategikoak hartzea errazteko. Honen guztiaren helburua erakundeek beren finantzetan autonomia lortzea da, hauek sakon ulertuz eta barne-kudeaketa hobetuz. 

Gainera, programak partaide bakoitzaren behar espezifikoetara egokitzen du laguntza. Honez gain, formakuntza tematikoak eta networking saio bat ere jasotzen dute modulu bakoitzean, elkarrekiko harremanak landu eta ESSren ekosistema osoarekin saretzeko. 

Erakunde parte-hartzaileak 

Aurten parte hartuko duten hamar ekimenek hainbat gai eta sektore jorratzen dituzte. Hezkuntzaren esparruan, eraldaketarako hezkuntzan zentratutako Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritza eta psikopedagogia espezializatua proposatzen duen Semilla Blanca ditugu. Finantzen sektorean, ARÇ aseguruen kooperatiba dugu; zaintzaren ekosisteman, aldiz, adinekoei eta zaintzaileei zuzendutako arreta- eta atseden-programak dituen Orue Auzolana Fundazioa dago. Bestalde, politika publiko feministen lan-lerroa Sudergintzaren eskutik dator, eta jasangarritasuna Materren bidez bultzatuko da, ingurumen-hezkuntzako eta itsas kontserbazioko proiektuarekin. Azkenik, kultura, aisialdi eta ongizate komunitarioaren sektoreak Consonni argitaletxea, Jappy Gallery museo sentsoriala, Nailua Teteria topagune eta ostalaritza-gunea eta Jentilbaratzeren musika-prestakuntza biltzen ditu. 

sendotzen 2026 (1)

Formakuntza irekiak  

Banakako aholkularitzaz gain, formakuntza saio irekiak eskaintzen ditu programak. Azaroaren 3an, lan-politika feminista eta denboraren kudeaketa aztertu genituen. Hurrengo saioa azaroaren 17an izango da, komunikazio-estrategiak lantzeko. Prestakuntza doakoa eta irekia da eta izen-ematea zabalik dago jada. Hurrengo deialdiak Ekonopolo Formakuntzan argitaratuko dira, REAS Euskadiren agendaren bidez.