Bi erakundeen ibilbide bateratuak urrats garrantzitsua eman du: konfederazio-mailako lankidetza-hitzarmen bat sinatzea eta Bizkaiko ekintzailetza-jardunaldietan parte-hartze nabarmena izatea.

Sarekin Sarearen —DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak koordinatzen duen Bizkaiko ekintzailetza-sarea— kide aktiboa da REAS Euskadi sortu zenetik, eta harreman instituzional horiek sakontzen jarraitzen du gaur egun ere. Lankidetza horren fruitu, esparru-akordio bat adostu da estatu mailan REAS Red de Redesen eta DEMAren artean. Hitzarmen honi esker, ekintzailetzari laguntzeko ezagutzak eta metodologiak partekatuko dira, sareak konektatuko dira, prestakuntza-esparruak garatuko dira eta proiektu bateratuak bultzatu ahal izango dira, batez ere Europan. Xehetasunak REAS Red de Redesek argitaratutako albistean irakur ditzakezu.
Akordioa Sarekin Days ekimenaren barruan sinatu da. Enplegua eta ekosistema ekonomiko osoa suspertzea helburu duten jardunaldi hauek bi ardatz nagusi izan dituzte aurten: inpaktu-ekonomia (errentagarritasuna eta gizarte-helburuak uztartzea xede duena) eta gizarte anitz baten barruko ekintzailetza-bide berriak (migrazio-esperientzia duten pertsonen talentua balioan jartzeko).
ESSko ekimenek toki nabarmena izan dute topaketako bi lan-ildotan:
- Erakundeen mahai-ingurua: Luigi Carincik, REAS Red de Redeseko presidenteak, «Inpaktu soziala: helburuak enplegua eta oparotasuna sortzen dituenean» izeneko solasaldian parte hartu zuen. Bertan, ekintzailetza kolektiboa Ekonomia Solidarioaren oinarrizko ezaugarri gisa defendatu zuen, eta lankidetza publiko-komunitarioen garrantzia aldarrikatu zuen.
- Arrakasta-kasuak eta aniztasuna: Migrantoria Consultoría —sareko kidea dena— arrakasta-eredu gisa aurkeztu zuen Stella García Ardiles koordinatzaileak. Talentu globalari eskainitako blokean lekua partekatu zuen Sendotzen programari lotuta dagoen Lili Villalobosen Jappy Gallery proiektuarekin.
- Sormen- eta teknologia-tailerra: Jardunaldietako talde-esperientzia Koalak Studios-eko Alba Vidalek eta Natalia Pérezek dinamizatu zuten. Sarekin Beats tailer interaktiboa gidatu zuten, adimen artifizialeko tresnak eta musika-zuzendaritza uztartuz, parte-hartzaileek Bizkaiko ekintzailetzari buruzko kantu propio bat sor zezaten.