2024/02/29
Kategoriak
Ekonomia Solidarioa eta Feminista REAS Euskadi

Joan den ostegunean inauguratu genuen gure lehen erakusketa, Bilbon Ekonomia Solidarioa bultzatzeko daukagun EKONOPOLOan egiten ditugun kultur ekintzen esparruan.

30 pertsona baino gehiago izan ziren REAS Euskadik 2020an argitaratu zuen Ekonomia Solidario baterako Hiztegi Feministatik sortutako erakusketaren inaugurazioan. Las Aldai – Gizarte-komunikazioa eta diseinu kontzientea – eta REAS Euskadi -Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea- gara ikus-entzunezko proposamen honi forma ematen diogunak, herritarren sentsibilizaziorako materialak eta tailerrak eginez elkarrekin egiten dugun lanean oinarrituta sortzen dena. Horren emaitza erakusketa hau osatzen duten metafora bisualak dira, hausnarketarako, emoziorako eta ereiteko espazio bat sortu nahi dutenak. Sentsibilizaziorako eta kontzientzia kritikoa sortzeko baliagarria izan zitekeen material bat nahi genuen, baina baita Ekonomia Solidarioa eta REAS Euskadi normalean oso ezaguna ez den guneetara eramateko ere.

Erakusketa hau hainbat modutan jarrai daiteke. Ikusmen-mailan, hiru geltokitan egin daiteke bidaia hau.

  1. Non gaude, abiapuntu dugun menderatze anizkoitzeko sistema honen gakoak irudikatzen dituen paisaia.
  2. Ibiltzen garen tokirantz, non sustraitutako zuhaitz batek bizitzaren jasangarritasunerako alternatibak marrazten dituen.
  3. Bidaia, bidaia hau egiteko behar ditugun baliabide eraldatzaileen irudia.

Ikusmen-ibilbideari entzunezko hiztegi bat gehitzen zaio. Panel bakoitzean QR kodeak dituzu, kontakizun honetako gako-hitzen definizio zehatzak ematen dituztenak, eta elkarren artean erlazionatzen dituzte, errazago ulertzeko.

Bukaeran, hitz-sare hori hazteko espazio bat proposatzen dizuegu. Hiztegi zuri horretara hurbiltzea proposatzen dizugu, hitz bat edo batzuk hauta ditzazun eta beste hitz, sinbolo, marrazki, metafora eta abarrekin osatu, ñabartu edo birdefini dezazun. Hiztegi hau eraldatzen eta hizkuntza eta narratiba komun bati ahotsa ematen jarrai dezan lagunduz, nahita nahiez feminista izan behar duen ekonomia solidario hori garatzen lagunduko digutenak.

Eskerrik asko erakusketa hau posible egin duzuen pertsona guztiei, inauguraziora hurbildu zinetenoi, presentzialki egon ezin izan zinetenoi baina espirituz egon zinetenoi, REAS Euskadirentzat adierazteko modu berri bat sortzeko esperientzian lagun izan gaituzuen guztiei, abentura berri bakoitzean sostengatzen gaituzuenei eta jarduera berri honetatik abiatuta ezagutzeke gaudenoi. Kolektiboaren indar hori guztia gabe, maitasun eta eskuzabaltasun hori guztia gabe, ezinezkoa izango zen. ESKERRIK ASKO!

Kredituak

Erakusketa hau REAS Euskadik 2020an Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin argitaratutako “Ekonomia solidariorako hiztegi feministatik” sortu da. Argitalpen honek EkoSolFem REAS Euskadiko ekonomia solidario eta feministako taldearen ekarpen baliotsuak jaso ditu.

  • Komisarioa eta edukiak: Lili Aldai eta Zaloa Pérez
  • Ideia: Zaloa Pérez eta Las Aldai
  • Marrazkiak: Lili Aldai
  • Diseinua: Ruth Aldai
  • Itzulpena: Belaxe Itzulpenak
  • Ahots narratzailea: Lili Aldai (gaztelaniaz) Estibaliz Alonso (euskaraz)
  • Definizioak: Zaloa Pérez (gaztelaniaz) Blanca Boix (euskaraz)
  • Audioen grabazioa eta edizioa: David Fernández

Erakusketa hau zure espaziora eraman nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan reaseuskadi@reaseuskadi.eus helbidean.