Kategoriak
Politika publikoak REAS Euskadi

Euskadiko Ekonomia Solidarioaren mugimenduak bere proposamenak eta kezkak adierazteko aukera izan zuen Yolanda Díaz-i, Sumar herritarren entzute prozesuaren liderrari.

Joan den ostiralean, REAS Euskadik aukera izan zuen Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan ministroari (Sumar herritarren entzute prozesuaren liderraz gain), euskal ekonomia solidarioko enpresok ditugun beharrak, proposamenak eta kezkak azaltzeko.

Aukera bikoitza izan zen, izan ere, goizean berarekin eta beste 11 proiektu kooperatiborekin bildu ginen (horietako asko REAS Euskadikoak), eta arratsaldean, Bilboko Harrien Landan 600 pertsona baino gehiago hartu zituen entzute-ekitaldi irekian hitza hartzeko aukera izan genuen.

Goizeko saioan, ia bi ordu iraun zuena, kontratazio publiko arduratsuarekin, auditoria sozialaren berme-zigiluarekin, hezkuntza-curriculumetan bestelako ekonomiarik ez egotearekin edo ekonomia solidarioaren inguruko definizio eta legedi faltarekin lotutako hainbat kezka zehatz partekatu ahal izan genituen. Yolandak dena apuntatu zuen bere koaderno gorrian, eta gure proposamenak posta elektronikoz garatzera gonbidatu gintuen.

Arratsaldeko saioan, ordea, ESStik egungo egoera soziala nola ikusten dugun eta, 10 urte barru, pertsonen nahiz planetaren bizitza erdigunean jartzeko zer bide hartu behar genukeen jakiteko ideia globalagoa partekatu genuen lau minututan.

Bi saio horiek bozgorailu bikaina izan ziren euskal ekonomia solidarioaren proposamenetarako, baita datozen urteetarako erronkak beste kolektibo batzuekin partekatzeko gune bat ere.

Herritarrak entzuteko ekitaldiaren bideo osoa hemen ikus dezakezue, eta 21. minututik aurrera, REAS Euskadiko ordezkaria izan zen Amaia Naveda Saenz de Ugarteren hitzaldia.