Eibarrek bizitza erdigunean jartzen du Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azokan REAS Euskadi 2026/11/02

Eibarrek bizitza erdigunean jartzen du Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azokan

Expo  LVC Eibar (1)

Joan den larunbatean, urriaren 24an, Eibarko Errebal plaza beste modu batera kontsumitzeko, ekoizteko eta antolatzeko alternatibaz bete zen. Bertara hurbildu ginen «Bizitza erdigunean: Ekonomia Solidarioari begirada feminista» erakusketarekin. Erakusketak bere ibilbidea egiten jarraitzen du, eta azaroan Portugaleten izango duzue ikusgai. 

EGOAIZIAk Eibarko Udalarekin, Biolurrekin, Debemenekin, ENEEK-Ekolurrarekin eta Aldatzenekin batera antolatutako Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren IV. Azokan izan ginen, «Bizitza erdigunean: Ekonomia Solidarioari begirada feminista» erakusketarekin. Las Aldai-rekin batera sustatutako erakusketa bisual, interaktibo eta pedagogikoa da, 2020an argitaratu genuen “Ekonomia solidario baterako hiztegi feminista” lanean oinarritua. Hiztegi hau gure sareko ekoSolFem talde feministaren ekarpenekin osatu genuen. 

Produktu agroekologikoen eta sasoiko produktuen, tokiko eta bidezko merkataritzaren, artisautzaren, moda jasangarriaren, erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatiben eta finantza-zerbitzu solidarioen postuen artean, azokak gauza garrantzitsu bat gogorarazi zigun: produktu eta zerbitzu bakoitzaren atzean garrantzia duten erabakiak daude. Nola ekoizten den, zer baldintzatan eta gure erosketen bidez zer ekonomia mota babestu nahi dugun. 

EKOgosarien, zuzeneko musikaren eta haurrentzako tailerren artean, gure erakusketa ere bertan izan zen, gai deserosoak mahai gainean jartzeko: sistema sozioekonomiko honek bizitzari eusteko beharrezkoak diren zaintzak eta prozesuak ikusezin bihurtuz, prekarizatuz eta gutxietsiz funtzionatzen du. 

Erakusketara hurbildu zirenek hainbat geldialditako ibilbide gidatua egiteko aukera izan zuten: gure abiapuntu (triste)tik —menderakuntza anitzeko sistema honen gakoak— ekonomiaren eraldaketarako proposamenetara eta bizitza jasangarriak eraikitzeko tresnetara. Hori guztia ilustrazioen, QR kodeen eta soinu-hiztegi baten bidez, hitz gakoak etxera eramateko aukerarekin. 

Eskerrik asko azoka hau posible egin duzuen lankide guztiei, zuen alternatibekin parte hartu duzuenoi eta bisitatzera hurbildu zaretenoi. 

Jakin-mina piztu zaizu? Ez duzu hurrengo azokara arte itxaron beharrik: azaroaren 2tik 28ra erakusketa Portugaleteko Gaztegelan egongo da ikusgai. Eta gure eskutik ezagutu nahi baduzu, eman izena azaroaren 24an, asteartean, 19:00etatik 20:00etara egingo dugun bisita gidatuan. 

Eta gogoratu: erakusketa ibiltaria da. Zuen espaziora eraman nahi baduzue, idatzi helbide honetara: reaseuskadi@reaseuskadi.eus. Hemen daukazu informazio guztia.

Expo LVC Eibar (5)