2026/05/19
Kategoriak
Ekonomia Solidarioa eta Feminista Erakunde bizigarriak REAS Euskadi sareak eta mugimenduak

Maiatzaren 8tik 10era bitartean, REAS Euskadi-k parte hartu zuen IDEARIAren edizio berri batean. REAS Red de Redes sareak sustatutako Ekonomia Sozial eta Solidarioaren estatuko topaketak aurten ia 200 pertsona bildu zituen Iruñean, aberastasunaren bidezko banaketa ardatz hartuta.

REAS Euskaditik talde teknikoko lau kideok hartu genuen parte, eta, gainera, rol aktiboa izan genuen “Beste lan politika bat beste ekonomia batzuentzat: lana demokratizatzea, aberastasuna birbanatzea, bizitzak sostengatzea” izeneko 6. ardatzaren dinamizazioan, Red ANAGOS sareko kideekin batera koordinatuta.

Espazio horretan galdera deseroso baina beharrezko eta guztiz politikoak jarri ziren mahai gainean:
zer lan ari gara sostengatzen?, nola banatzen da benetan aberastasuna gure erakundeen barruan?, nork hartzen ditu bere gain zaintza, denbora ikusezinak eta nekea?, zer esan nahi du ESSaren barruan erakunde bizigarriak eraikitzeak?

Bizitza erdigunean jartzea… benetan

Ardatzean zehar politika laboral feministarekin, bizitzen jasangarritasunaren eta jasangarritasun ekonomikoaren arteko tentsioekin, denboren eta lanen birbanaketarekin edo askotan autoesplotazio eta gainkarga dinamikak erreproduzitzen dituzten kultura organizatiboak berrikusteko beharrarekin lotutako eztabaidak landu ziren.

Elkarrizketa bereziki lotu zen REAS Euskaditik bultzatzen ari garen Denera iritsi ezinaren aurrean, lan-politika feminista prozesuarekin. Proposamen kolektibo horrek 10 printzipio eta 20 akordio planteatzen ditu erakunde demokratikoago, erantzunkideago eta bizigarriagoak eraikitzeko.

Saioan hainbat gogoeta partekatu genituen:

  • lan erreproduktiboa eta komunitarioa ere ikusarazi eta birbanatzeko beharraz;
  • atseden hartzeko eta deskonektatzeko eskubideaz;
  • logika produktibistaren mugez;
  • soldatak, denborak eta aitortza zeharkatzen dituzten genero-arrakalez;
  • edo Ekonomia Sozial eta Solidarioaren balioetatik abiatuta lan-esparru propioak eraikitzearen garrantziaz.

Izan ere, topaketan behin eta berriz esaten zen bezala, agian kontua ez da soilik enplegu duina bermatzea, baizik eta planeta bizigarri batean bizitza duinak sostengatzeko gai diren ekonomiak eraikitzea.

Hazten jarraitzen duen elkarrizketa bat

IDEARIAk berriro erakutsi zuen ESSa ez dela soilik ekimen ekonomiko alternatiboen multzo bat, baizik eta kolektiboki pentsatzeko, eztabaidatzeko eta antolatzeko beste modu batzuk probatzeko espazio bat ere badela.

Eta baita barrura begiratzeko, kontraesanak aitortzeko eta beti erosoak ez diren eztabaidei heltzeko lekua ere: diruaren tabua, militantziaren gainkarga, gure espazio propioetan ematen den prekarizazioa edo boterea, denborak eta zaintzak banatzeko benetako zailtasunak.

Topaketarekin batera, REAS Euskadi eta Red Anagos-etik artikulu bat ere argitaratu genuen Pikara Magazine-n: Hay que cambiar el trabajo cuando no da la vida. Bertan, gai horietako askotan sakontzen dugu, baita ESSaren barruan lan politika feministak eraikitzen jarraitzeko beharrean ere.

Iruñetik galdera baino erantzun gehiagorekin bueltatu gara —eta hori seinale ona izan daiteke agian—, baina baita espazio hauek kolektiboki pentsatzeko ezinbestekoak direla sentitzearekin ere: nola egin nahi dugun lan, nola bizi nahi dugun eta nola sostengatu nahi dugun komuna.