
Amaia Naveda REAS Euskadiko koordinazio taldeko kideak Nahiartek eta VINILO FMk egindako podcastean parte hartu du. Elkarrizketa dibertigarri eta hurbila izan da: entzutera gonbidatzen zaituztegu!
Zer dute komunean Halloweenek, musikak eta ekonomia solidarioak? Bada, denek dutela lekua «La mecedora de Nahiarte» saioan, esperientziak partekatzeko, elkar ezagutzeko eta tarte atsegin bat pasatzeko gunean.
Amaiaren eskutik hurbildu gara podcast honetara, bertako protagonistekin gai horiez eta beste hainbatez hitz egiteko. Gure sareaz eta ekonomia egiteko beste modu batzuez aritzeko aukera izan dugu, musikaz eta umore onez lagunduta.
Nahiarte irabazi-asmorik gabeko erakundea da, desgaitasun psikikoa eta/edo intelektuala duten artistentzat sortua, eta REAS Euskadiko bazkidea da. VINILO FMrekin batera bultzatutako irrati-proiektu honetan, bertako artistek askotariko gonbidatuekin partekatzen dute mikrofonoa, eta topaketa bakoitza une berezi eta aberasgarri bihurtzen dute.
Bisita bosgarren denboraldiko 6. atalean jaso dute. Halloweenetik ekonomia solidariora nola igaro garen jakin nahi baduzue, onena entzutea da: elkarrizketa benetan atsegina da!