Kategoriak
Politika publikoak REAS Euskadi

REAS Euskadik hainbat eragile instituzional, sozial eta ekonomikok osatutako lan-mahaia eratzen parte hartu du, “Elkar-Ekin Lanean” Gipuzkoako kalitatezko enplegu inklusiboaren estrategia bultzatzeko. Estrategia horren helburua da, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratzea eta laneratzea.

Mahaia 2021eko ekainaren 25ean eratu zen, eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia izan du buru. Bertan izan dira Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua.

Gune honek hainbat eragile instituzional, sozial eta ekonomiko biltzen ditu: ASLE, Gipuzkoako Ganbera, MCC, Gureak, Katealegaia, Adegi, Emaus Gizarte Fundazioa, Sarea Fundazioa, Peñascal S. Coop., Sartu, SOS Arrazakeria, Gizatea, Lanbide, tokiko garapenerako agentziak eta REAS Euskadi.

Mahai horrekin “Elkar-Ekin Lanean” estrategiaren egitura osatzen da, erakunde arteko batzordearekin eta eskualdeetako mahaiekin batera. Parte hartzeko gune bat da, gizarte-bazterketako arriskuan edo egoeran dauden langabeentzako enplegagarritasuna hobetzeko eta kalitatezko lanpostuak sortzeko ekimenak aztertu, kontsultatu eta kontrastatzeko, enplegu-politikak eta -estrategiak gizarteratze-estrategiekin lerrokatzen saiatuz.