Kategoriak
Politika publikoak REAS Euskadi

Apirilaren 4an bilera egin zuten Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérezek eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Diazek REAS Euskadiko ordezkariekin.

Bileran, REAS Euskadiren egungo errealitatea eta haren jarduera-ildo garrantzitsuenak aurkeztu ziren, bai eta egungo krisi sozioekonomikoaren testuinguruan ekonomia sozial eta solidarioaren egoerari buruz hitz egin zuten ere.

Jorratutako gaien artean, egungo krisiak REAS Euskadiren enpresa-sarean dituen ondorioei buruzko kezka nabarmendu behar da, eta, bereziki, ekonomia sozial eta solidarioaren alternatibak indartzeari buruzko kezka, hainbat arlotan, hala nola energia berriztagarrien sorkuntza, merkaturatzea eta kontsumo kooperatiboan, finantza etikoetan edo agroekologiaren eta landa-garapenaren esparruko ekimenen garapenean.

Era berean, Euskadiko Kooperatiben Legearen etorkizuneko erregelamendu-garapenari buruz hitz egin zen, eta eredu kooperatiboak dituzten tokiko energia-komunitateen edo REAS Euskadik sustatzen dituen erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatiben berezitasunak txertatzeko beharrari buruz.

Honez gain, gizarte-ekonomiaren errealitatea eta haren sare eta proposamenak euskal herritarrei eta, bereziki, gazteei hurbiltzeko lan egiteko beharra partekatu zen. Ildo horretan, hezkuntza-arloan ekimenak bultzatzeko eta gizarte-ekintzailetza sustatzeko beharra nabarmendu zen, ekonomia sozial eta solidarioaren balio eta ereduetatik abiatuta.

Azkenik, gizarte-ekonomia eta garapenerako lankidetza sustatzeko arloen eta politiken arteko lankidetza-aukerak nabarmendu ziren, REAS Euskadik Euskadi eta Latinoamerikako lurraldeen eta erakundeen arteko lankidetza-ekimenak lantzen dituen bezala.