
Aurten ere, unea iritsi da, eta REAS Euskadiko erakunde kideek urteko film kolektiboa prestatu beharko dute: Auditoria Soziala. Geure erakundeei lagundu nahi diegu lanak argiztatzen, haien historiak indartzeko eta argi gehiago edo garapen handiagoa zer arlok behar duten ulertzeko. Epealdi horretan, egunez egun kapituluka baina elkarrekin filmatzen dugun Ekonomia Sozial eta Solidarioaren film hau errebelatu beharko dugu.
Jakin badakigu zein den gure historia. Orain, ordea, xehetasunak argiztatu nahi ditugu, gure balioekin bat datozen lanak sortzeko: zer azaltzen dugun ez ezik, nola azaltzen dugun ere bada garrantzitsua. Zein da ikuspuntua? Zer enkoadraketa aukeratuko ditugu? Zeri emango diogu argia? Nolako lotunea dute protagonistek eta nola eratu dira giroak? Zer lehenesten du gure soinu-bandak? Horrez gain, geure buruari ere eman nahi diogu astia, kameren atzean zer dagoen pentsatzeko: taldea, lana eta gure ingurunearen gaineko eragina.
Tresna berriak, filmaketa arinago baterako
Hurrengo asteetan, REAS Euskadiko erakundeek euren ekoizpen-lanen egiturak aztertu beharko dituzte, ESSren funtsezko sei printzipioen egoera nolakoa den jakiteko: ekitatea, lan duina, jasangarritasun ekologikoa, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa. Geure sareko erakundeei eskatu nahi diegu euren burua aztertzeko eta pentsatzeko tartea hartu dezatela. Datuak biltzeko prozesua zehatza da, eta 100 adierazle baino gehiago hartzen dira kontuan. Aurten, ordea, errazagoa izango da: zeregina errazten lagunduko dizuen web aplikazioa estreinatu dugu. Dena ondo joango da!
Filmatutakoan, sareko talde teknikoak 130 erakunderen baino gehiagoren auditoriak aztertuko ditu horretarako eratutako batzordean. Balorazio ona lortzen dutenek Auditoria Sozialaren zigilua jasoko dute, hau da, Merkatu Sozialean sartzeko asmoz 2022an ezarritako ziurtagiria. Plataforma horretan, hain zuzen ere, duela hamarkada batetik REAS Euskadik bultzatzen duen Ekonomia Sozial eta Solidarioko produktu eta zerbitzuak merkaturatzen dira.
Eragin kolektiboa duen pelikula bat
Edonola ere, zigiluaren lorpenetik haratago, ekimenak beste bi onura ere baditu. Batez ere, ekonomia solidarioaren printzipio gidarien inguruko atxikimendu-maila neurtzen laguntzen du. Azken batean, gure filma ESSrekin bat datorren jartzen du agerian. Barne-mailan, lortutako datuak funtsezkoak dira REAS Euskadiko ekintza estrategikoak eraginkortasun handiagoz aztertzeko eta antolatzeko orduan. Azkenik, eta oso garrantzitsua ere bada, film honek sektorearen indarren zein ahulezien ikuspegi globala eskaintzen duenez, badago nagusi den eredu ekonomikoaren alternatiba bideragarri moduan aurkezterik.
Maiatzaren 27tik ekainaren 26ra arte, REAS Euskadik erakunde guztiak gonbidatuko ditu filmaketa honetan parte hartzera. Urtearen amaieran, pantaila piztuko dugu, euskal ESSren ekoizpen-lan panoramiko berriaren estreinaldi irrikatua ikusteko.
Argiak, kamera… Ekin!
#AuditoriaSoziala26 #ZineEmanaldiaHasiDadila #QueComienceLaFunción #Acción

