Kategoriak
Merkatu Soziala Politika publikoak REAS Euskadi

Ekainaren 28an, Opcions kooperatibako Jose Manuel Alonsok eta REAS Euskadiko Blanca Boixek Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean agerraldia egin zuten, Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Lege Proiektuari ekarpenak egiteko.

Egindako ekarpenak lege berriak kontsumo arduratsuari nola heltzen dion aztertzean zentratu zen.

Agerraldia Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpenarekin hasi zen, «Kontsumo iraunkorrari buruzko EBren estrategia baterantz» 2020/C 429/08 gaiari buruz. Honako hau defendatzen du:

“Orain arte, kontsumora bideratutako EBren politikak herritarrek kontsumitzaile gisa duten zereginean eta informazioa ardatz duten tresna politikoak erabiltzean oinarritu dira, kontsumitzaileen portaeran eragiteko. (…) Tresna politiko hauek eragin mugatua izan dute kontsumo jasangaitzean. Izan ere, ez dago froga askorik iradokitzen duenik produktuen ingurumen-errendimenduari buruzko informazio hobeak, hala nola etiketa ekologikoek, benetako aldaketak lortzen dituztela erosketa-ohituretan, eta are gutxiago behar den mailan.”

Horrek ez du esan nahi kontsumo arduratsuaren arloan informatzen eta prestatzen jarraitu behar ez denik, baina esparru politikotik jarduera-maila zabalagoa izan behar du, ez bakarrik herritarrak sentsibilizatuz, baizik eta kontsumo kritikoa, kontzientea eta eraldatzailea egitea ahalbidetuko duten ekimen ekonomikoen garapenaren aldeko apustua eginez.

Euskadiko eta Estatuko kontsumoaren egoera testuinguruan kokatzen duten azterlan ezberdinak aurkeztu ziren agerraldian, eta, ondoren, hainbat lurraldetan egiten ari diren proposamen zein ekimen anitz eskaini ziren, kontsumoaren eta ekoizpen arduratsuaren aldeko apustuan proaktiboagoak izateko.

Agerraldiaren bideoak eta Batzordearen parte-hartzeak ikus daitezke. Opcions eta REAS Euskadik erabilitako laguntza-aurkezpena ere eskuragarri dago.