
40 lagunetik gora hurbildu ziren Ekonopolora esperientzia berezi batean parte hartzera: ardoa, txokolatea eta sistema ekonomikoari buruzko hausnarketa uztartu zituen dastaketa batera. Proposamen honek, gastronomiatik harago, bost zentzumenak aktibatu zituen kontsumitzen ditugun produktuen atzean dagoena ulertzeko —eta sentitzeko—.
Oikocredit-ren eskutik, bidezko merkataritzaren eta finantza etikoen munduan murgildu ginen, zapore bakoitza bere inpaktu sozial, ingurumeneko eta ekonomikoarekin lotuz. Izan ere, kontsumitzen duguna aukeratzea ere ekonomia egitea da.
Saioa Ekonomia Sozial eta Solidarioaren markoa eta bere printzipioak kokatuz hasi zen, eta ondoren kakaoaren eta ardoaren inguruko adibide zehatzetara lurreratu zen. Dastaketan zehar, usaina, zaporea edo testura bezalako alderdiak aztertu ziren, baina baita hain agerikoak ez diren beste batzuk ere: ekoizpen-baldintzak, klima-aldaketak kakaoaren uztei eragiten dien inpaktua edo landaketetan gertatzen den haurren lana bezalako errealitate gogorrak.
Momentu esanguratsuenetako bat izan zen Dominikar Errepublikako CONACADO bezalako esperientziak ezagutzea: milaka ekoizle txikik osatutako sare antolatua, beste ekoizteko eta merkaturatzeko modu bat posible dela erakusten duena. Edo Paraguain Manduvirá kooperatiba bezalako ekimenak, edota ardoaren ekoizpenari lotutako gizarteratze-proiektuak, ekonomia bidezkoago eta demokratikoago bati aurpegia jartzen diotenak.
Dastaketak, gainera, ahoan ez ezik balioetan ere funtzionatzen zuten uztarketak esperimentatzeko aukera eman zuen: bidezko merkataritzako txokolateak eta eredu kooperatibo edo inpaktu sozialeko ardoak. Kontsumo arduratsua esperientzia atsegin eta gozagarria ere izan daitekeela ulertzeko modu zuzena.
Azken batean, bere helburua bete-betean lortu zuen jarduera: zentzumenetatik kontzientzia piztea, elkarrizketak irekitzea eta finantza etikoak eta bidezko merkataritza kontzeptu abstraktuak ez direla erakustea, baizik eta eguneroko praktika errealak, gure esku —literalki— daudenak.
Ekonomia Sozial eta Solidarioa bizitzeko, partekatzeko… eta dastatzeko espazioak sortzen jarraitzen dugu.





