Mugarik Gabe, SETEM Hego Haizea eta REAS Euskadik ehun pertsona baino gehiago bildu genituen gatazken kudeaketaren inguruan hausnartzeko eta lan ingurune bizigarri zein erantzukideen eraikuntzan aurrera egiteko.

Ekainaren 24an eta 25ean «Lan Politika Feminista. Gatazka ez sahiestu, bizigari bihurtu» topaketa ospatu genuen. Ikusmin handia piztu zuen, parte hartzaileen erantzun nabarmenarekin: lehen saioan, online formatuan, 100 pertsona baino gehiago bildu ginen, eta bigarren eguneko jardunaldi presentzialean, berriz, 40 laguneko aretoa osatu zen, hainbat pertsona itxaron zerrendan utzi behar izan genituelarik.
Gune hau SETEM Hego Haizea, Mugarik Gabe eta REAS Euskadi elkarrekin garatzen ari garen Lan Politika Feministaren proiektuaren barruan kokatu zen. Aliantza honen helburu nagusia lan ingurunearen egiturak eraldatzea ahalbidetuko duten tresna teorikoak eta praktikoak eraiki eta bultzatzea da. Honi esker, bizitzaren jasangarritasuna, zainketak eta genero ekitatea erakundeen kudeaketaren erdigunean jarriz, tentsio kolektiboak ikusezin bihurtu beharrean bizitzen ikasiz.
Saioak Cala Kolektiboak dinamizatu zituen. Extremadurako erakunde honek ibilbide luzea du herri-hezkuntzan, prestakuntza kritikoan eta prozesu komunitarioak errazten. Bere esperientzia metodologikoak konfiantza giroa sortu zuen, gatazken kudeaketarena bezalako eztabaida konplexu bat irekitzeko. Ekonomia Sozial eta Solidarioko kolektibo eta enpresentzat erronka garrantzitsua da gatazken kudeaketarena, izan ere arazoak elkarren zaintzatik igaro nahi ditugulako.
Mintegia hiru bloketan egituratu zen, teoriatik praktikara pasatzea ahalbidetu zutenak. Ekainaren 24an, asteazkena, online formatuan, esparru komun bat eraikitzen eta gatazkei ikuspegi feminista intersekzionaletik heltzen aritu ginen. Ostegun goizean, Ekonopoloan, ekintzan murgildu ginen errealitate horiei aurre egiteko esperientziak, tresna praktikoak eta metodologia zehatzak aurkeztuz. Arratsaldean, hiru erakunde antolatzaileok barne lanerako gune bat izan genuen, eta hausnarketa horiek zuzenean gure erakundeen testuinguruan kokatu genituen.
Topaketa hau beste urrats bat da, bi urte baino gehiagoko ibilbide kolektiboa duen prozesu sakon honetan. Orain arte, sakon aztertzen aritu gara zer esan nahi duen lan-politika feminista bat ezartzeak. Ahalegin hau 10 printzipio eta 20 akordio biltzen dituen gida batean gauzatu dugu, baita iaz jardunaldi batzuk egitean ere. Etorkizunari begira, proiektuaren asmoa topaguneak eta material komunikatibo zein pedagogikoak sortzen jarraitzea da, bizigarriak diren erakundeak eraikitzen laguntzeko.




