Kategoriak
Egiten dugu Ekonomia Solidarioa eta Feminista

Erresistentzia feministak ehunduz ekonomia iraultzeko

Aurten ere, REAS Euskadik bat egiten du M8 honetarako deialdiaren ardatzekin: atzerritartasun-legeari uko egitea, txarto deituriko egoera irregularrean dauden emakumeen esplotazioa iraunarazten duelako; zainketa publiko, doako eta unibertsalen sare bat eskatzea, zaintza-baldintza duinak eta sektoreko langile guztiak bermatuko dituena; eta multinazionalen eginkizuna salatzea, beharren kudeaketan negozio-aukera ikusten dutelako.

Feminismo

Ezer berririk ez eguzkipean, sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista, kapazitista, produktibista eta kolonialista batean bizi garela esaten badugu.

Sistema horrek desberdintasunak eta menderatze- eta diskriminazioharremanak sortzen eta betikotzen ditu.

Sistema horrek garatu duen ekonomiak ez du kontuan hartzen gizaki gisa interdependenteak eta ekodependenteak garela.

Pandemia globala, osasun-sistemaren kolapsoa eta adinekoen biziraupenarekiko beldurra iritsi behar izan dira ikusezin bihurtutako zaintza-lanak argitara ateratzeko, gaur egun ezinbestekoak baitira gure biziraupenerako.

Gaur egun, agian, orain arte ikusi nahi izan ez duguna ikusteko gaitasun handiagoa dugu: bizitza kolektiboaren aurkako erasoa, bizitza partikular gutxi batzuen alde egiteko.

Ekonomia Feministak sistema ekonomikoaren tentsio nagusitzat jo du hori. Egiturazko tentsio konponezina kapitalaren eta bizitzaren artean, enpresa-onurarako helburuaren eta bizitzaren zaintzaren artean. Orain arte, gure gizartea merkatu eta logika neoliberaletan zentratuta bizi izan da, eta orain ikusten dugu ez gaudela prestatuta pertsonen bizitza babesteko.

Ekonomia solidarioaren mugimenduak, beste mugimendu eta eragile sozial batzuekin batera, bizitza sistema sozioekonomikoaren erdigunean dagoela defendatzen du; zaintza-lanak lehentasuna direla gure iraupenerako; ekoizpena pertsonen eta lurraldeen beharrak asetzera bideratu behar dela, eta ez kapitala metatzera; eta natura bizitza dela, eta zaindu nahi dugun bizitzarako ezinbestekoa dela. Eta dei egiten du zaintza-lanen mendekotasun- eta prekarizazio-harremanak gainditzera, bai eta pertsonak, kolektiboak eta natura ustiatzeko eta menderatzeko modu guztiak gainditzera ere.

Komunikatua hemen irakur dezakezu: