Kategoriak
Ekonomia Solidarioa eta Feminista REAS Euskadi

Joan den azaroaren 3an, EkoSolFem REAS Euskadiko ekonomia solidario eta feministako taldeak bere proposamenak aurkeztu zituen, EUDELen sare eta aliantzen batzordearen lan-saio batean bizitza zentroan jarriko duen zaintza-eredu baterantz joateko.

Bizi dugun krisi tipleak (osasunekoa, sozioekonomikoa eta zainketakoa), egungo eredu sozioekonomiko jasangaitz eta hauskorrean dauzka bere sustraiak, bidegabeki banatutako zainketen B aldeak eutsita. Hori izan da EkoSolFemek, EUDELen sare eta aliantzen batzordeak azaroaren 3an deitutako lan-saioan parte hartu zuten udalei aurkeztu dien proposamenaren oinarria.

Lan-saio honetan aurkeztutako neurriak Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2021eko apirilean eskatuta egin genuen proposamen-dokumentu batean jasotzen dira. Dokumentu horretan jada azpimarratzen genuen aldaketa sistemiko baten beharra, Covid19k sortutako krisiaren ondorioz, inoiz baino premiazkoagoa zela.

EUDELekin izandako bileran, erakunde parte-hartzaileek (equipare Koop elk txikia, Zabaltzen-Sartu, Bizitzen Fundazioa, Aradia Kooperatiba eta REAS Euskadi) azpimarratu genuen beharrezko trantsizio horretan zainketek itsasargi-politika egin zezaketela, batez ere, bi bide erabiliz: gizartean beharrezkoak diren lanak berrantolatzea eta logika publiko-pribatuaren ordez logika publiko-sozial-komunitarioa ezartzea.

Ezin zaio aurre egin zaintza-lanen horniduraren aldaketa sakonari eremu sozioekonomikoan egiturazko aldaketarik egin gabe. Eta aldaketa horietako askok gainditu egiten dituzte autonomia-, foru- eta toki-eskumenen eremuak dituen aukerak. Hala ere, euskal administrazio publikoek hainbat neurri eta prozesu bultza ditzakete bide horretan jartzeko, eredu sozioekonomikoaren trantsizio horretan, alde batetik, zainketen antolaketa sozial berria lortzen laguntzeko, eta, bestetik, zaintzak emateko sistema integral, unibertsal, publiko eta doakoa garatzeko.

Bileran, EAEko toki-administrazioek proposatutako neurriak bultzatzeko dituzten mugak, oztopoak eta ahalmenak identifikatu genituen, eta, era berean, EUDELen eta REAS Euskadiren arteko balizko aliantzak aztertu genituen, elkarrekin lan egiteko. EkoSolFem-en gure proposamenak lurreratzeko lanean jarraituko dugu, eta espero dugu euskal administrazio publikoekin aliantzak artikulatu eta finkatu ahal izatea, haien eskumen-maila guztietan, beharrezkoa den eredu-aldaketa hori bultzatzeko.