
Maiatzaren 15ean, ostirala, CIFP Txurdinaga LHII ikastetxean (sareko entitate laguntzailea), 55 lagun inguru elkartu ginen REAS Euskadiren Ohiko Batzarra ospatzeko. Euria gogotik egin bazuen ere, egoerari buelta ematen asmatu genuen, entzunerako, planifikaziorako, bozketarako eta gozamenerako espazioak sortuz.
Bingoa oinarri zuen dinamika batekin hasi genuen eguna: zenbakien ordez, elkar hobeto ezagutzeko galderak genituen. Jolastu genuen, elkartruke handia egon zen, eta espero baino lehenago kantatu zen bingoa. Hori bai, sari bakarra sarea ehuntzen jarraitzea izan zen.
Egindako bidea begiratu eta etorkizuna irudikatu
Batzar hau gelditzeko eta ospakizunerako une bat ere izan zen: 2025ean egindako bidea begiratzeko eta 2026ko erronkak eta norabideak kolektiboki irudikatzeko aukera. Gainera, bazkide berriek beren burua aurkezteko tartea izan zuten. Entitate berrien harrera honek etengabe eraldatzen ari den sare bizi baten indarra erakusten du; aniztasunetik, konpromiso kolektibotik eta ekonomia bidezkoago, solidarioago eta jasangarriago baten aldeko apustu partekatutik hazten jarraitzen duen sarearena, hain zuzen ere.
Hainbat bozketaren bidez, entitate bazkideek lehendakaritzaren berritzean, onura publikoko aitortzaren onarpenean, estatutuen aldaketan, eta 2025eko kudeaketa txostena eta kontuak zein 2026ko kudeaketa plana eta aurrekontua balioztatzean parte hartu zuten.
Gure erakundeak nola habitatu birpentsatzen
Jardunaldiaren une garrantzitsuenetako bat II. Bizigarri Planaren aurkezpena izan zen. Zalantzak argitzeko, galderak partekatzeko eta datozen urteetan sarearen garapena markatuko duten ildo estrategikoetan sakontzen jarraitzeko aukera eman zuen espazioak.
Batzarrak hausnarketa kolektiborako tartea ere hartu zuen, politika laboral feministari buruzko dinamika parte-hartzaile baten bidez. Horretarako bi galdera nagusi planteatu ziren:
Zein korapilo eta zailtasun ditugu gure lan-harremanetan?
Zein tresna edo gako laguntzen digute?

Entitateek, taldeka eta politika laborala antolatzeko erabiltzen ditugun 6 eremuak kontuan hartuta (denborak, baldintza ekonomikoak, lanen antolaketa, gaitasunen indartzea, espazioak eta identitatea eta lan giroa), beren kezka, esperientzia eta proposamenak partekatu zituzten. Ikaskuntzak eta erronkak komunean jartzeko ariketa kolektiboa izan zen, erakunde bizigarriagoak eraikitzen jarraitzeko.
Mugimenduan dagoen sare bat
Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Lapiko Catering-i, hain goxoa, osasungarria eta xehetasunez zaindua izan zen catering zerbitzuagatik. Zaporez beteriko proposamena izan zen, bazkaria ere topaleku, elkarrizketa eta gozamenerako beste espazio kolektibo bihurtu zuena.
2026ko Ohiko Batzarrak berriro ere agerian utzi du sare bizi, anitz eta etengabeko eraikuntza kolektiboan dagoen baten indarra. Elkartzeko, egindako bidea berrikusteko, begirada berriak txertatzeko eta praktika eraldatzaileak bultzatzen jarraitzeko espazioa izan da.
Eskerrik asko elkarrekin artikulatzen jarraitzeagatik, kolektiboa sostengatzeagatik eta sarea egiten jarraitzeagatik. Haztea ere elkartzea, elkar entzutea eta elkarrekin aurrera egitea delako.

