Kategoriak
Etxebizitza eta hirigintza REAS Euskadi

Abenduaren 2an lantalde berri baten bilkurarekin, REAS Euskadin etxebizitzaren arloko alternatibei buruzko arlo berri bat ireki zen. Erabilera-lagapeneko etxebizitza-kooperatiben irabazi-asmorik gabeko proiektuak sustatu nahi dira, bai eta etxebizitza inklusiboarekin, etxebizitza-politika sozialekin edo merkantilizatu gabeko hirigintza bultzatzearekin lotutako beste proposamen batzuk ere.

REAS Euskadik ekimenetan eta jarduera-sektore berrietan izan duen hazkundeak,  ekonomia sozial eta solidarioaren (ESS) proposamenak eta alternatibak garatzeko estrategietan sarea lan-ildo berriak sartzera bultzatzen ari da, hala nola etxebizitzarena agroekologiaren edo ekintzailetzaren esparruan gertatu den bezala.

Ildo horretan, etxebizitza garrantzi bereziko sektore gisa agertzen da proposamen alternatiboak garatzeko, hala sozialak nola politikoak, ESSren printzipioetatik abiatuta. Horrela, honako hauekin lotutako proposamenak sortzen dira: etxebizitza-premiari erantzun kooperatiboak ematea sustatzea, pertsonen bizitzarako hain garrantzitsua den eremu horretan alternatiba sozial eta inklusiboak garatzea, edo merkantilizatu gabeko eta jasangarriak diren lurralde-, hiri- eta etxebizitza-politikak bultzatzea, guztion onerako.

Horregatik, egokitzat jo dugu REAS Euskadi garatzeko eta ESS hazteko estrategikotzat jotzen ditugun gai horiek lantzen hastea. Horretarako, beste eremu batzuetan bezala, lantalde bat sortu da, sektore horretan proposamenak ESSaren printzipioetatik abiatuta garatzeko, arlo horretan hainbat proiektu garatzen dituzten erakunde bazkideen eta/edo lan-ildo berri honetan modu kolektiboan aurrera egiteko interesa dutenen parte-hartzearen bidez.

Haren lan-eremuak, batez ere, bi izango dira:

• Erabileran lagatzen diren eta irabazi-asmorik ez duten etxebizitzen kooperatiben eredua bultzatzea, eragin politikoko lan bat garatuz, haien errekonozimendu eta sustapen publikorako, bai eta eredu hori hedatzeko ere, gizartea sentsibilizatuz eta sortzen diren proiektuei lagunduz.

• Etxebizitzako politika sozial eta inklusiboak sustatzeko eta lurralde- eta hirigintza-garapen iraunkorra, merkantilizatu gabea eta pertsonen zerbitzura dagoena sustatzeko alternatiben proposamenak garatzea. Proposamen horien esparruan, kontuan hartzen dira bai eragin politikoa duen lana, bai ESSk aukera horien zerbitzura abian jar ditzakeen gailuen garapena.

Lan-arlo berri honekin, ESSaren alternatiben hazkundea indartzea espero dugu, bai eta REAS Euskadin lankidetza eta sareko lana sustatzea ere, gizarte-eraldaketaren zerbitzura dagoen tresna gisa.