Bizigarrik aukera ematen digu Erakunde Bizigarriak deitu dugun hori eraikitzeko urratsak egiteko, ikuspegi ez-patriarkaletatik eraikitako beste erakunde batzuk.
Bizigarri da erakundeak eraldatzeko REAS Euskadik 2016an hasitako prozesu feministari eman diogun izena. Prozesu horri esker, sare irekiagoa, malguagoa, demokratikoagoa eraikitzen ari gara, lidergo kooperatiboetan oinarritua, parte-hartzea bultzatzen duena eta, emaitzetan ez ezik, prozesu eta harremanetan ere arreta jartzen duena. Bere egiteko moduak berrikusten eta kritikoki pentsatzen dituen sare bat.
Prozesu hau sare honetako kide garenon arteko gutxienekoen itun batetik abiatzen da, BIZIGARRI Itunetik:
Erantzunkideak gara: Aldaketa pertsonalik gabe ez dago aldaketa kolektiborik, eta BIZIGARRI GAREN lagunok konpromisoa hartzen dugu gure espazio pribatua berrikusteko eta, besteak beste, beharrezkoak diren jarrera, kultura, balio eta portaera pertsonalen aldaketei ekiteko. Guztiok gara BIZIGARRIko kide, eta guztion artean bultzatzen ditugu lortu nahi ditugun aldaketak.
Autokritikoak gara: Modu zaharrek ez digute balio aldaketarako, beraz, gure prozesu guztien gaineko begirada kritikoa mantentzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala, BIZIGARRIk bultzatzen dituen prozesu eta ekintza batzuei ematen diegun erantzuna “egiten ari gara” bada, gelditu egingo gara egiten ari garen hori berriz pentsatzeko.
Aitortzen dugu genero-erreferentearen eta prozesu honetan sortzen diren erabakiak hartzeko eta proposamenak egiteko egituren zilegitasuna.
BIZIGARRI ekitatearen aldeko plan batean garatzen da, dokumentu bizi eta malgua, erakunde gisa igarotzen ditugun uneetara gaiak eta prozesuak egokitzeko aukera ematen diguna eta lortu nahi ditugun eraldaketetarako gida gisa balio diguna.