“Jarduera sozioekonomiko formalak edo informalak, kolektiboak baina baita banakakoak ere, kideen eta/edo beste pertsona batzuen beharrak eta nahiak asetzeari irabaziaren gainetik lehentasuna ematen diotenak. Kolektiboak direnean, jabetza ere bada, eta kudeaketa demokratikoa da. Independenteak dira edozein erakunde publiko eta pribaturekiko. Ekitatearen, elkartasunaren, iraunkortasunaren, parte-hartzearen, inklusioaren eta komunitatearekiko konpromisoaren balioetan oinarrituta jarduten dute. Aldaketa sozialaren sustatzaileak dira “

Jordi Garcia Jané, 2017:98

Kapitalismo modernoa sortu zenetik, hainbat ekimen sortu dira desberdintasun- eta bidegabekeria-arazoei erantzuteko, bai eta sistemak berak sortzen zituen ondorio kaltegarriei aurre egiteko ere. Praktika alternatibo horietako batzuk XIX. mendearen amaieratik aintzat hartu dira, lehen kooperatibak eta mutualitateak sortu zirenetik, ekonomia sozialaren kontzeptuarekin. Ekimen horiek, hainbat kontzepzio eta modalitate izanda ere, pertsona kapitalaren gainetik nagusitzea, kudeaketa parte-hartzaile eta demokratikoa, beste eragile batzuen aurrean autonomia edo soberakinak parte-hartzaileentzako eta/edo interes orokorrerako zerbitzuetara bideratzea partekatzen dute.

Hain zuzen ere, ekonomia sozialaren garapen historiko horretan kokatu behar da ekonomia solidarioaren sorrera eta garapena, kontzeptu eta praktika bereizi gisa profil propioak dituen azpiespazio gisa, bai eta protagonismo akademiko, sozial eta ekonomiko handiagoa hartu duen gizarte-mugimendu gisa ere. Horrela, “Ekonomia Sozialaren ardatz komunetik sortzen da, eta harreman ekonomikoak beste parametro batzuetatik birpentsatzeko saiakera da. Kapitalaren logikaren aurrean, ekonomia solidarioak ekoizpen-, banaketa-, kontsumo- eta finantzaketa-harremanak eraiki nahi ditu, justizian, lankidetzan eta elkarrekiko laguntzan oinarrituta. Kapitalaren eta haren metaketaren aurrean, ekonomia solidarioak pertsonak eta haien lana sistema ekonomikoaren erdigunean jartzen ditu, eta merkatuei zeregin instrumentala ematen die beti pertsona guztien ongizatearen eta planetako bizitzaren ugalketaren zerbitzura” (Juan Carlos Pérez de Mendiguren, Enekoitz Etxezarreta eta Luis Guridi, 2009:13).

Ekonomia garapen pertsonal eta komunitarioaren zerbitzura dagoen bitarteko gisa – eta ez helburu gisa – aldarrikatzen duen ikuspegi eta praktika bat da, pertsonen ongizateari (edo ondo bizitzeari) eta haien ingurune sozial eta naturalaren hobekuntzari lagunduko dion tresna gisa. Pertsonei, premiei, gaitasunei eta lanari, bai eta bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten gizarte- eta ingurumen-prozesuei ere, kapitalaren eta metaketaren gainetik dagoen balioa ematen die, eta, aldi berean, birbanatzaileagoa eta ekitatiboagoa den eredu sozioekonomiko post kapitalista aldarrikatzen du.

Era berean, mugimendu plurala da – ekonomikoa, soziala eta politikoa –, nazioartekoa, eta, beste sare eta erakunde sozial batzuekin batera, ekonomia, gizartea eta planeta eraldatzea du helburu.