Kontratazio-prozesuetan gizarte- eta ingurumen-irizpideak txertatzen dituen politika instituzional bat da Erosketa Publiko Arduratsua. Ekonomia sozialago eta solidarioago bat bultzatzeko ahalmen handiko tresna da, eta gizarte-ongizatearekin eta giza garapen jasangarriarekin lotura duten beste politika publiko batzuk sustatzen ditu. Tresna hori garatzeko aukera nagusiak laburbilduko ditugu atal honetan.
Zer da erosketa publiko arduratsua?
Hona zer den erosketa publiko arduratsua: politika eta jarduera instituzional bat, zeinaren bidez gizarte- eta ingurumen-irizpideak txertatzen baitira ondasunak, produktuak eta zerbitzuak erosteko eta kontratatzeko prozedura publikoetan.
Kontua da, beraz, erosketa publikoko prozeduretan zenbait irizpide aintzat hartzea, besteak beste gai hauei dagozkienak: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ingurumenaren jasangarritasuna, lan-alorreko tokian tokiko eta nazioarteko hitzarmenak eta erregulazioak betetzea, gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daudenen eta aniztasun funtzionala dela eta lan-merkatutik kanpo uzten dituztenen lanbideratzea, giza eskubideak betetzea produktu eta zerbitzuen bizi-ziklo osoan (ekoizpena, komertzializazioa eta salmenta, etab.).
Ekonomia sozial eta solidarioko enpresa eta erakundeei merkatu publikora iristeko aukerak areagotu egiten dizkie erosketa-mota horrek, kontratu erreserbatuetan lehiatu baitaitezke; bestalde, sektorearen ezaugarriak ere lagungarri dituzte, aipatutako balioak eta irizpideak lehenesten baitituzte haren lanak eta eskaintzen dituen ondasunek eta zerbitzuek.
Zenbait ikerketaren arabera, BPGd-aren % 14 eta %19 bitarteko gastua eragiten du urtero erosketa publikoak Europar Batasunean; bistakoa da, beraz, jarduera horren garrantzia. Izaera publikoa duenez, bereziki garrantzitsua da jarduera hori irizpide demokratikoak (gardentasuna eta herritarren kontrola) eta erantzukizun publikoa.
aintzat harturik garatzea, hau da, denon ongia, herritarren ongizatea eta gizarte- zein ingurumen-politiken sustapena xede direla.
Politika publikoak sustatzeko trena ahaltsua da eta, gainera, eredugarria da herritarrentzat eta enpresentzat, kontsumo kritikoa, arduratsua eta eraldatzailea bultzatzen baitu. Bestalde, erregulazioaren bidez, kontratazio publikoko prozedurek eskatzen dituzten erantzukizun-irizpideak onartzera bultza ditzake enpresen jarduerak.
Espainiako Estatuan, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legeak (SPKLak) argiro eta zehazki xedatzen du nolakoa behar duen izan erosketa publiko arduratsuak. Horretarako, EBren lehenagoko zenbait zuzentarau txertatu ditu Espainiako legerian, aintzat harturik tokiko erakundeen jarduera aitzindariak eta herritarren elkarteen zein ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen eskari historikoak.
Kontratazio publikoaren helburuak
Kontratazio publikoaren helburuei dagokienez, hauek aipatzen ditu egungo legeriak: gardentasun handiagoa haren garapenean (SPKLa: hitzaurrea eta 1. art.), eta prezio-kalitate erlazio hobea lortzea.
Agintzen du, halaber, zeharka eta nahitaez txertatu behar direla gizarte- eta ingurumen-irizpideak kontratazioaren xedeetan, betiere kontratuaren helburuarekin lotura baldin badute.
Administrazio publikoetan oso zabalduta dagoen jokabidea izan arren, behin eta berriro gogorarazi behar da eskaintzarik onena ez dela merkeena, baizik eta ondasunaren edo zerbitzuaren kalitatearen eta prezioaren arteko lotura estuena duena. Irizpide horri jarraikiz, alderdi kualitatiboak, ingurumenekoak, sozialak eta berritzaileak txertatu behar dira eskaintzetan. Eta iritsi dira aldaketa batzuk; esate baterako, aldatu egin da «eskaintza ekonomiko onena» kontzeptua, eta haren ordez «prezio-kalitate erlazio onena» erabili behar da kontratuak esleitzeko (SPKLa, 145. art.).
Irizpide horiek erabiltzeak prezio-kalitate erlazioa ez ezik gastu publikoaren eraginkortasuna ere hobetu eta areagotu egiten du, eta kontratazio publikoaren ateak zabaltzen dizkie enpresa txiki zein ertainei eta ekonomia sozial eta solidariokoei.
Kontratuaren definizioa
Kontratuaren definizioak zehatz deskribatu behar du zer kontratatu behar den, gizarte-, ingurumen- eta teknologia-berrikuntzekin lotura duten zer alderdik hobetzen duten kontratatu beharreko ondasun, obra eta zerbitzuen eraginkortasuna eta jasangarritasuna (SPKLa, 99.1 art.), eta hala jaso behar du (SPKLa, 35.1. art.). Honenbestez, legean jasota dago aukera hori, hau da, gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren eta -jasangarritasunaren arloko aipamenak txertatzea kontratuaren xedea definitzeko.
Halaber, kontratuaren deskribapenariatxikitako baldintza eta xehetasun teknikoetan jaso daitezke gizarte- eta ingurumen-irizpide horiek. Produktu eta zerbitzuen ezaugarriei, ekoizpen-prozesuei eta -sistemei… aplikatzen zaizkie betekizun horiek, ondasunaren edo zerbitzuaren bizi-zikloaren edozein fasetan (SPKLa, 125. eta 126. art.).
Kontratu publiko nagusien tamaina eta ezaugarriak direla eta, askotan enpresa handi bakan batzuen esku geratu ohi da haien esleipena, eta parte hartzeko aukera mugatu egiten zaie beste batzuei. Alabaina, legeriak dio sortaka bana daitezkeela kontratuak —horretarako aukerarik izanez gero—, hots, arrazoi funtzionalak, kuantitatiboak edo lurraldekoak direla medio bereiz gauza daitezkeela (SPKLa, 99.3 art.). Horrez gain, mugatu egin daiteke enpresa baten lizitazio-sorten kopurua, edo hari eslei dakizkiokeen sortena (SPKLa, 99.4. art.).
Hona irizpide horren onurarik handiena: mugatu egiten du kontratu gehienak enpresa jakin batzuek berenganatzeko ahalmena, eta aukera gehiago ematen dizkie enpresa txiki eta ertainei, bai eta ekonomia sozial eta solidariokoei ere. Bestalde, berariaz aipatzen du sorta horiek enpresa-mota jakin batzuentzat gorde daitezkeela: gizarteratze-enpresak, gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziak eta/edo ekonomia sozial eta solidarioko enpresak (SPKLa, 99. art., 4. XGa eta 48. XGa).
Gizarte- eta ingurumen-etiketak
Eskatzen diren gizarte- eta ingurumen-irizpideak betetzen direla frogatzen duten etiketa espezifikoak eska daitezke, bai baldintza teknikoetan, bai esleipen-irizpideetan, bai kontratua betearazteko baldintzetan. Zabala da etiketa horien erabilera-eremua: produktuei eta zerbitzuei eta/edo haien bizi-zikloei dagokien agiri, ziurtagiri edo egiaztapen orori aplika dakieke. Irizpide objektibo eta frogagarrietan oinarrituak behar dute izan etiketek, eta organismo eskudunek jaulkiak (SPKLa, 127. art.).
Era askotako etiketak, ziurtagiriak eta/edo zigiluak daude gaur egun, tokiko edo nazioarteko erakundeek eta gizarte-elkarteek sortuak, alor askori dagozkienak: ingurumena, erantzukizun soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, aniztasun funtzionalagatiko diskriminaziorik eza, bidezko merkataritza, lan-baldintzen betearaztea, ehunkiak ekoizteko baldintzak, «gatazkarik gabeko» teknologiak eta abar.
Kontratatzeko debekua
Ohikoez gain (zenbait eginkizun bete gabe egotea, zenbait delitu egitea, lanean zigorrak jasotzea, konkurtso-egoeran egotea), badira kontratatzea debekatzen duten bi inguruabar sozial (SPKLa, 71.1.d):
- Ez betetzea, 50 langiletik gorako enpresetan, % 2 desgaitu kontratatzeko eginbeharra.
- Ez betetzea, 50 langiletik gorako enpresetan, berdintasun-plan bat prestatu eta aplikatzeko eginbeharra (EAEko Berdintasun Legea).
Kontratu erreserbatuak eta beste hautaketa-irizpide batzuk
Kontratazio publikoari buruzko legeriak bermatu egiten ditu —oro har— lehia askearen eta tratu-berdintasunaren irizpideak, baina salbuespen bat ezartzen du: kontratu erreserbatuak. Legeriak berak aurrez hautatutako erakunde-mota jakin batzuk bakarrik onartzen dira kontratu horietan, eta horiek bakarrik har dezakete parte lehian. Erakunde horien ezaugarri bereziak, haien erantzukizun soziala, helburua eta denon ongiari egiten dioten ekarpena hartzen dira aintzat erreserba horretarako.
Lehenik eta behin, legeriak aukera ematen du kontratu erreserbatuak eskaintzeko gizarteratze-enpresei eta/edo gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziei (SPKLa, 4. XGa). Legeria eta erregistro propioak dituzte bi erakunde-mota horiek, eta hau dute xede: lanbideratzea gizartetik bazterrera dauden edo hala geratzeko arriskuan diren herritarrak eta desgaitasun ziurtatua dutenak (gizarteratze-enpresetan, lehenak; enplegu-zentro berezietan, bigarrenak). Batez ere aipatutako herritarrak lanbideratzen diharduten eta irabazirik banatzen ez duten erakunde publiko zein pribatuek sustatzen dituzte kontratu-mota horiek.
Erakunde horientzat, edozein kontratu-mota —edozein duela ere xedea, jarduera-eremua eta zenbatekoa— sailka daiteke erreserbatu gisa. Halaber, kontratu-mota horietarako gutxieneko partaidetza-portzentajeak ezarri behar dituzte erakunde publikoetako organo eskudunek.
Bigarrenik, erakunde jakin batzuentzat (SPKLa, 48. XGa) erreserba daitezke gizarte-, kultura- eta osasun-alorretako kontratu batzuk (SPKLa, 4. eranskina). Eskakizun hauek bete behar dituzte erakunde horiek: helburu sozialak eta zerbitzu publikokoak izatea, irabazirik ez banatzea eta irabazirik baldin badago partaidetza-irizpideen arabera banatzea, eta jabetza kolektiboan edo partaidetza-printzipioetan oinarritzen diren egiturak izatea. Hau da, irabazi-asmorik gabeko erakundeak izan behar dute, edo gizarte-ekonomiaren alorrekoak, dagozkien lege-esparruen araberakoak biak ere.
Bestalde, aurreko urteetan zerbitzua esleiturik izan ez duten erakundeak izan behar dute; zerbitzuak, berriz, ez du hiru urte baino gehiago iraun behar.
Erregulazioak beste aukera bat ere eskaintzen du kontratua zer erakunde-motari esleitu iradokitzeko: 40.000 eurotik beherako kontratuak erabiltzea obretarako eta 15.000tik azpikoak hornidura eta zerbitzuetarako (SPKLa, 168. art.), edo gonbitak egitea prozedura mugatu eta negoziatuetarako, berrikuntzarako elkarteetarako eta abarretarako (SPKLa, 163, 167, 169, 177. art.). Bai zuzeneko esleipenean, bai gonbidapenetan, eskubidea dute administrazioek helburu sozialeko erakunde jakin batzuengana jotzeko, edo gizarte- eta ingurumen-erantzukizunari dagozkion jokabide batzuk egiaztatzen dituztenengana.
Zerbitzu-kontratazioaren kaudimen teknikoari dagokionez (SPKLa, 90. art.), irizpide sozialak erabil daitezke, betiere frogatzen baldin bada kontratua betetzeko ezinbestekoak direla baldintza horiek.Hornigaien kontratazioari dagokionez (SPKLa, 89.1.g art.), berriz, berariaz adierazten da hau eska dakiokeela enpresari: egiaztatzeko hornidura-katea kudeatzeko sistemek bermatzen dutela LANEren (Lanaren Nazioarteko Erakundearen) oinarrizko hitzarmenak.
Esleitzeko irizpideak
Onartu egiten dira gizarte- eta ingurumen-irizpideak kontratazio-prozesuetan enpresa lizitatzaileen proposamenak ebaluatzeko fasean. Beraz, esleipen-prozeduran aintzat hartu beharreko irizpideak dira (SPKLa, 145. art.).
Bestalde, kalitate-prezio erlaziorik onena irizpide ekonomiko eta kualitatiboen arabera ebaluatu behar da. Horretarako, irizpide horien zerrenda bat aurkeztu behar da (adibide modura, ez zerrenda osoa):
- Berrikuntza-alorrekoak: kalitatea, estetika, diseinu unibertsala eta abar.
- Ingurumen-irizpideak: emisioak murriztea, energia-eraginkortasuna, energia berriztagarriak erabiltzea, ingurumena zaintzea eta hobetzea, eta abar.
- Gizarte-irizpideak: desgaituak eta/edo gizartetik bazterrera geratu diren edo hala geratzeko arriskuan daudenak lanbideratzea, lan-munduan txertatzeko enpresei eta enplegu-zentro bereziei azpikontratatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-planak eta beste zenbait neurri (emakumeak kontratatzea, kontziliazioa sustatzea, gizarte- eta lan-baldintzak hobetzea, enplegu-egonkortasuna, jende gehiago kontratatzea, laneko osasunari buruzko trebakuntza eta babesa, irizpide etikoak eta erantzukizun sozialekoak, bidezko merkataritzako hornigaiak eta abar.
Kontratuaren xedeari loturik egon behar dute esleipen-irizpide horiek, eta edozein alderdiri dagokionez eta bizi-zikloaren edozein etapatan hartu behar dira aintzat (produkzio-, komertzializazio- eta prestazio-kate osoan).
Irizpide horiek ezartzeko, gomendatzen da klausula objektiboak finkatzea, ahalik eta egiaztagarrienak (matematikoki zein aritmetikoki), xedearekin lotura dutenak eta hari zein kontratuaren ezaugarriei egokituak (epea, balio zenbatetsia, baldintzak eta abar).
Zehazki, alderdi hauek oinarri dituzten klausula-ereduak ezar daitezke: giza eskubideak eta LANEren hitzarmenak babesteko irizpideak , genero-politikak, ingurumen-irizpideak, bidezko merkataritza, enpresaren erantzukizun sozialeko etiketak edo egiaztagiriak, produktuen etiketak edo egiaztagiriak, eta enplegua eskuratzeko zailtasun handienak dituzten taldeen lanbideratzea.
Kontratua esleitzeko irizpideen balorazioan bi eskaintzak edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, berdinketa hausteko klausula partikularrak ezar daitezke, kontratuaren xedeari loturik irizpide sozialak aintzat hartzen dituztenak: besteak beste, lanbideratzeko eskaintzak izatea, legeak agintzen duen baino desgaitu gehiago edukitzea kontratatuta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten neurriak aplikatzea, bidezko merkataritzako erakundeak eskaintza jatorri hori aukeran duten kontratuetan, edo irabazi-asmorik gabeko erakundeen eskaintzak onartzea gizarte- edo laguntza-prestazioen gaineko kontratu jakin batzuetan.
Kontratua betearazteko baldintzak
Nahitaez bete beharreko kontratua betearazteko baldintza bereziak ezar ditzakete kontratazio-organoek, betiere kontratuaren xedearekin lotura badute, diskriminatzaileak ez badira eta lizitazio-iragarkian eta baldintza-orrietan ageri badira. Batez ere berrikuntzaren, ingurumenaren eta/edo gizartearen alorrekoak izan behar dute baldintza horiek (SKPLa, 202. art.). Lehen aipatutako balorazio-irizpideen ezaugarri eta alorren antzekoa da haien erregulazioa eta deskribapena:
lan-baldintzekin lotura duten irizpideak ageri dira (aplika daitezkeen hitzarmenak barne direla), edo langabeziaren aurkako borroka (batez ere emakumeen eta gazteen langabeziaren kontrakoa), lan-istripuen prebentzioa eta osasunaren segurtasuna eta babesa bermatzea, giza eskubideak eta nazioarteko hitzarmenak betetzea (garapen-bidean dauden herrialdeetako enpresa ekoizle txikien aldeko irizpideak txertatuz), desgaituen eskubideak bermatzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak hartzea, lan-merkaturik bazterrera geratu den jendea lanbideratzea, ingurumen-jasangarritasuna eta abar. Horniduraren bizi-ziklo osoan aintzat hartu beharrekoak dira irizpide horiek guztiak.
Bestalde, nahitaez bete beharreko baldintza horiek bateragarriak eta osagarriak dira esleipen-irizpideekiko; beraz, komeni da gizarte- eta ingurumen-klausulak ezartzea kasu bietan, alderdi horiek kontratuaren lizitazioan eta gauzatze-lanetan sar ditzaten bultzatzeko.
Egiaztapena eta kontrola
Enpresa kontratista da lizitazio-prozeduran deskribatutako gizarte- eta ingurumen-klausulak betearaztearen zuzeneko erantzulea, eta dagokion dokumentazioaren bidez frogatu behar du bete direla (fakturak, egiaztagiriak, homologazioak, fitxa teknikoak eta abar).
Esleipen-irizpideei eta betearazte-baldintza bereziei dagozkienei eska dakieke ziurtagiri hori, biak jotzen baitira funtsezko kontratu-betekizuntzat (SPKLa, 122 eta 202. art.)
Kontratazio-organo eskudunak pertsona bat izendatuko du kontratuaren arduradun, eta pertsona horri dagokio kontratua behar den bezala betearazteko neurriak ikuskatzea eta ezartzea (SPKLa, 62. art.). Ezarritako gizarte- eta ingurumen-irizpideak ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake; besteak beste, kontratua hutsaltzea, zehapenak ezartzea, kontratua ez luzatzea edo etorkizunean kontratatzeko debekua ezartzea (SPKLa, 71, 122, 192, 194, 202 eta 211. art.).