REAS Euskadiren misioa
Bizitza erdigunean jarriko duten eredu eta praktika ekonomiko alternatiboak sustatzea.
REAS Euskadiren misioa Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS) modu eraginkorrean garatzen laguntzea da, pertsonen eta komunitateen ongizatearen zerbitzurako bitarteko gisa ulertuta – eta ez helburu gisa –, lotura arduratsuan oinarrituta eta ingurune naturala zainduta, gizarte-kohesiorako eta bizitzaren iraunkortasunerako.
Sozialki eraldatzailea den mugimendu ekonomiko baten eraikuntza sustatzea, bai tokian-tokian, bai maila globalean. Enpresa eta erakunde horiek, beren produktu eta zerbitzuen eskaintzaren bidez, subiranotasun komunitario handiagoa ahalbidetzen dute bizitzaren esparru guztietan (elikadura, energia, teknologia, finantza, kultura), eta ekoizpen-, merkataritza- eta kontsumo-eredu nagusiaren alternatiba sendoa da.
Eta hori ordezkaritza kolektiboko sare gisa egitea, ESSa eta haren sare ekonomiko produktiboa Euskal Autonomia Erkidegoan ahalik eta gehien indartzeko eta aintzatesteko.
REAS Euskadiren ikuspegia
Gizartean eragin eraldatzaile handiagoa duen mugimendua. Ekoizpen-sare aberatsagoa eta sendoagoa. Sare irekiagoa, anitzagoa, orekatuagoa eta konektatuagoa. Erakunde bizigarriagoa eta erantzunkideagoa.
REAS Euskadiren ikuspegia, 2025ean, gizartean eragiteko gaitasun eraldatzaile gero eta handiagoa duen sare batena da, Ekonomia Sozial eta Solidarioa (ESS) gizarteko geruza zabalagoetara hedatzen jakin duena.
Sare horrek Merkatu Sozial gero eta aberatsago baten barruan jarduera ekonomiko alternatiboak eraikitzen eta finkatzen laguntzen du, ESS ekintzailetza, interlankidetza eta sektore estrategikoen eta gorabidean dauden eremuen aldeko apustua sustatuz, bai eta hezkuntza-sistemarekiko eragina eta harremana ere. Sare horrek bere erakunde bazkideen, sarearen beraren eta, oro har, ESSaren analisiaren, hobekuntzaren, sendotzearen, ikusgarritasunaren eta balioespenaren zerbitzura dauden tresna propioak garatzen ditu.
Sare gero eta irekiagoa, zabalagoa, anitzagoa eta orekatuagoa, jarduera-sektoreei, erakundeen tipologiari eta lurralde-ordezkaritzari dagokienez. Sare horrek nabarmen hobetu du artikulazio kolektiborako gaitasuna, kide izatearen sentimendua nabarmen handituz eta inplikazio gero eta erantzukideagoa lortuz, partaidetzarako eta lan antolaketarako tresna eta prozedura eraginkorren bidez. Sare horrek erakunde bizigarri eta jasangarriak eraikitzeko proposamen propioa sustatu, garatu eta zabaldu du, eta erakunde horien kudeaketan praktika feministak eta ekologistak sartzen dira.
Sare horrek bere aliantzak eta gizarte-ekonomiako tokiko, lurraldez gaindiko eta nazioarteko beste sare eta eragile batzuekiko lankidetza optimizatu ditu, eta hobetu egin du erakunde publikoekiko, eragile ekonomikoekiko eta mugimendu sozial eta politikoekiko elkarrizketa, ESSaren eta gizarte-aldaketaren aldeko politika publikoen eta herritarren ekimenen sustapenean eta garapenean duen eragina areagotuz.
ESSaren printzipio etikoak
ESSa bere garapenean, gobernantza, ekoizpen, banaketa eta kontsumoko ereduak, sistemak eta jardunbideak definitzeko, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Printzipioen Gutunean jasotzen diren sei printzioetan oinarritzen da:
- Ekitatea. Gizarte ekitatiboa da pertsona guztiek duintasun, eskubide eta aukera berdinak dituztela onartzen duena, beren artean dauden desberdintasunak onartuz eta errespetatuz.
- Lan duina. Lana ongizaterako beharrezkoak diren ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko enplegua edo okupazioa (ordaindua edo ordaindu gabea) baino askoz gehiago da, baita ugalketa-lanak ere, eta pertsonen gaitasunak garatzea ahalbidetu behar du.
- Jasangarritasun ekologikoa. Gure jarduera sozial eta ekonomiko guztia naturarekin lotuta dago; horregatik, naturarekin dugun aliantza eta haren eskubideen onarpena da gure abiapuntua.
- Lankidetza. ESSa lankidetzan oinarritutako ikaskuntza eta lan kooperatiboa sustatzen dituen jardunbide parte-hartzaile eta demokratikoan oinarritzen da.
- Aberastasunaren bidezko banaketa. Gure balantzeek, emaitza ekonomikoez gain, kontuan hartzen dute gure jarduerak ingurunean, pertsonengan eta ingurumenean duen eragina, eta balizko onurak jarduera hobetzera edo zabaltzera edo interes orokorreko beste ekimen solidario batzuetara bideratzen dituzte.
- Konpromisoa ingurunearekin. ngurunearekin dugun konpromisoa beste erakunde eta sare batzuekiko lankidetzan datza, elkartasunezko esperientzia zehatzek eredu, sistema eta praktika sozioekonomiko alternatiboak sor ditzaten.
Baina ESSa garapen betean dagoen errealitatea da, eta bere printzipioak eboluzionatzen, ñabartzen eta sofistikatzen doaz. Hori dela eta, REAS Sarearen erronketako bat printzipio-karta hau berrikustea da, eta, besteak beste, ikuspegi feminista eta ekologista sartzearekin, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzearekin, Hegoaldeko eta Bizitza Oneko epistemologietatik eta praktiketatik ikastearekin zerikusia duen guztia azpimarratzea.