Gida honen xedea da gizarte-zerbitzuen kontratazio publikoan irizpide sozialak sar daitezen proposatzea eta erraztea.

Gure ustez, Administrazio publikoek kalitatezko prestazioa burutu dezaketen entitateak eta enpresak ez ezik, gizarte-kohesioari, elkartasunari, genero  berdintasunari, gizarteratze eta laneratzeari, pertsona eta kolektibo zaurgarrien arretari eta parte-hartzeari, enpleguaren kalitateari, lurraldearen garapenari eta ingurumenari balio erantsia ere ekar diezaioketenak kontratatu behar dituzte.

Baieztapen orokor hau are nabariagoa da gizarte-zerbitzuei eta pertsonen arretarako zerbitzuei buruz ari garenean. Zerbitzu hauek tradizionalki irabazi asmorik gabeko eta ekonomia sozialeko entitateek gauzatu izan dituzte, esperientzia zabalarekin, konpromiso sendoarekin eta lantalde gaitu eta profesionalekin. Hala ere, zerbitzu hauek hornitzeko orduan irabazi asmorik gabeko entitateen eta askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzten merkataritza-sozietateen eskaintzak elkarrekin bizi dira eta lehia, kasu batzuetan, oso desorekatuta dago. Eskaintza onena ezin da hautatu prezio baxuenean oinarrituta. Kalitatea eta hartzaileei emango zaien zerbitzu ona gailendu behar dira.

Proposamenek irizpide etikoak, sozialak, ingurumenekoak eta erantzukizun sozialekoak txertatzea proposatzen dute, irizpide horiek edozein Administrazio publikoren kontratazio-prozeduraren fase edo klausula desberdinetan sartuz.