Planaren barruan, erakunde txikienek lan horri ekiteko orduan dituzten zailtasunak identifikatu ditugu. Erakunde txikitzat hartzen ditugu 10 pertsona baino gutxiago dituztenak, nahiz eta kopurua ez den alderdi garrantzitsuena. Langile kopuru, baliabide eta denbora gutxi duten erakundeak izan ohi dira, hauskortasun handiagoa dutenak, eta ondorioz, batzuetan, proiektuen jasangarritasun txikiagoa dutenak. REAS Euskaditik laguntza eskaera bati erantzun nahi izan diogu honela. Horretarako, talde-lane prozesu bat jarri genuen abian, hainbat saiotan zehar garatu zena, batetik, gure erakundeetan kontzienteki edo oharkabean diharduten eta desberdintasunaren jatorrian dauden genero-dinamikak identifikatzeko, eta bestetik, alderdi horietan lan egiteko, erakunde txikienen errealitatera egokitutako neurriak zehaztuz.
Prozesu horren emaitza da esku artean duzuen dokumentua. Dokumentu bizia da, itxi gabea eta errezeta edo formula magikorik gabea, baina baliagarria izan nahi duena lan hau hasi duten edo hasi nahi duten erakundeentzat. Gonbidapen bat da, bai ekintzarako baita gure erakundeak bizigarri egiteko oinarrizkotzat jotzen ditugun gaiak lantzeko. Galdera berriak eragin nahi ditu, horrela, ondo egiten duguna aitortzeaz gain, oraindik egiteko daukaguna ere azalera dadin. Horrez gain, galdera horien erantzunen bila joatean, ezin dugu ahaztu, eguneroko lana eta momentuko larrialdiei erantzun behar diegun arren, beste identitate eta egiteko modu batzuetatik eraikitako erakundeak izan nahi dugula.