Kategoriak
REAS Euskadi

REAS Euskadik berrikuntza garrantzitsuekin hasi du 2021. urtea. Atzean utzi dugu urtean, ikusi dugu inoiz baino beharrezkoagoa dela bizitzaren iraunkortasuna prozesu sozial, kultural, politiko eta ekonomiko guztien erdigunean jartzea. Eta zeregin horretan, Ekonomia Sozial eta Solidarioak (ESS) ikuspegi alternatiboa ematen du, bai eta proposamen eta praktika zehatzak ere, bizitzaren zerbitzura dagoen ekonomia eraikitzeko.

REAS Euskadik konpromisoa hartzen du ikuspegi eta praktika eraldatzaile hori garatzeko, bere ekimenen eragin ekonomiko, sozial eta politikoa handituz. Horretarako, bere estrategiak eta egiturak eguneratzen ditu, bere xedean aurrera jauzi berri bat ekarriko duen etapa berri batera egokitu daitezen.

2021-2025 Plan Estrategiko berria

Azaroaren 27ko Ezohiko Batzarrean, REAS Euskadik plan estrategiko berri bat onartu zuen 2021-2025 aldirako, 2019ko azaroaren 8an euskal ESSaren fESStaren esparruan abiarazitako lan-prozesu baten ondoren. Prozesu horrek partaidetzarako eta elkarlanerako hainbat gune izan ditu bazkide diren erakundeekin, haien lantaldeekin eta antolaketa-egiturekin, bai eta beste gizarte-eragile batzuetako ordezkariekin ere.

Plan berriak 17 estrategia eta 55 ekintza proposatzen ditu, bost ardatz tematikotan garatzeko:

Alternatiba Ekonomia Solidaria

1. REAS Euskadi finkatzea erreferentziazko ESSaren ordezkaritza kolektiboko erakunde gisa, ordezkaritza-kuotari, funtzioari, antolatzeko moduei eta jasangarritasunari, eraginkortasunari eta eragin-mailari dagokienez.

2. ESSaren ekoizpen-egitura osoa indartzen, sendotzen eta dibertsifikatzen laguntzea.

3. Merkatu Sozialaren garapenean sakontzea, ESSaren ekoizpen-egitura bideragarri egiteko eta hazteko eta produkzioko eta kontsumoko alternatiba errealak sustatzeko eta eskuratzeko tresna gisa.

4. ESSaren alderdi zehatzak modu eraginkorrean garatzen lagunduko duten eta haren eragina kuantitatiboki nahiz kualitatiboki hedatzea ahalbidetuko duten bestelako tresnak erabiltzen jarraitzea.

5. ESSaren eragin-eremuen inpaktua, transferentzia eta dibertsifikazioa areagotzea erakundeetan, ekonomian, hezkuntzan eta gizartean.

Estatutuak eguneratzea eta Zuzendaritza Batzordea berritzea

Batzar horretan, halaber, sareko estatutuen aldaketa onartu zen. Gure nortasuna eta xedea eguneratu eta errealitatera eta Plan Estrategiko berrira egokitu nahi izan dugu. Horretarako, elkartearen hitzaurrea eta helburuak nabarmen aldatu dira, garenaren eta egiten dugunaren aurkezpen berritua eginez. Halaber, egoitza sozialari buruzko beste aldaketa txiki batzuk eta sareko egituren funtzionamendu telematikoa ahalbidetzen duten aldaketa batzuk onartu ziren.

Bestalde, Zuzendaritza Batzordea berritu zen, ikuspegi eta erakunde mota berriak sartzeko, eta emakumeen eta gizonen parte-hartzea eta lurralde-presentzia orekatzeko. Zuzendaritza Batzorde berria honako pertsona eta kargu hauek ordezkatutako erakunde bazkideek osatu dute:

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu REAS Euskadi hasi zenetik gurekin egon diren pertsona eta erakundeei, etapa honetan Batzarra utzi baitute:

EKONOPOLO-Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloa

2021aren hasieran, gure egoitza soziala EKONOPOLOaren instalazioetara eraman dugu (Harrobia Plaza, 4, Bilbo). Bilbao Ekintzak (Bilboko Udala), REAS Euskadik eta Euskadiko ekonomia solidarioaren beste eragile batzuek laster aurkeztuko dugu ekimen estrategiko hau.

Lankidetza publiko-sozialetik sortutako proiektua da, eta ESSa bultzatzeko espazio bat, topagune bat eta plataforma bat hartuko ditu barnean. Besteak beste, ekintzailetzarekin, lankidetzarekin, merkatu sozialarekin, politika publikoekin edo ESSko hainbat arlotako prestakuntza eta ikerketarekin lotutako programak indartu, sustatu eta erraztuko ditu. Asmo handiko apustua da, eta euskal ESSaren erreferentzia bihurtzea du helburu.

Eta askoz gehiago

Dagoeneko 82 erakunde bazkidek parte hartzen dute REAS Euskadin. Guztira 3.100 langile, 3.800 boluntario eta milaka bazkide dituzte energiaren, finantzen, elikagaien edo kulturaren kontsumoko lankidetza-proiektuetan, eta guztira 25.000 pertsona inguru mobilizatzen dituzte. Guztira, 125 milioi euroko diru-sarrerak dituzte.

Errealitate horrek hazten jarraitzen du, eta are indar handiagoz espero dugu, hasi berri dugun aro honetan. Etapa horretan, euskal ESSaren mugimendua eraikitzen jarraitu nahi dugu, uste baitugu inoiz baino beharrezkoagoa dela proposamen ekonomiko eraldatzaileak eskaintzen dituzten alternatibak zabaltzea eta indartzea.

Bultzada berri horren arabera, laster izango dugu web-orri berri bat eta gure irudi korporatiboa ere berrituko dugu, eta, Plan Estrategiko berriak planteatzen duen bezala, bizitza ekonomiaren erdigunean jartzen lagunduko duten ekintza berriak hedatuko ditugu.