Talde-lan honen zati handiena mundu osora zabaldu den COVID-19aren pandemiaren erdian egin dugu. Izan ere, hiztegiko termino asko konfinamenduan idatzi ditugu eta haiei buruz hitz egiteko bilerak telekonferentzia bidez egin behar izan ditugu. Gure gizartea eta gure planeta, sistema bera eta bere erakunde politiko, sozial eta ekonomikoak bizitza zaintzeko prestatuta ez zeudela ikusi dugu, kezkatuta, zalantzak jota eta haserre ikusi ere, baina… ez al ginen horretaz lehenago ohartu?

Feminismoak hamarkadak daramatza salatzen gobernatzen gaituen kapitalismo heteropatriarkalak ez duela bizitza erdigunean jartzen. Bai eta bizitzari bizkarra emanez –eta askotan haren aurka– eratzen dela salatzen ere. Bere etekin-gosea, batetik, eta uniformetasuna ezartzeko, gorputzak kontrolatzeko eta pentsamoldeak kolonizatzeko daukan gogo bizia, bestetik, guztiz kaltegarriak dira bizitzaren eta planetaren iraunkortasunerako. Pobreziaren eta berdintasun ezaren hedapena, segurtasunik eza eta indarkeria –emakumeen aurkakoak bereziki–, ingurumenaren suntsiketa eta genero, sexu nahiz arrazaren alorreko aniztasun disidenteen aurkako jazarpena sistema suntsigarri horren ondorioen katalogoko ale batzuk baino ez dira.