Bi edo hiru hilabete generamatzan izkina guztietan, analogikoetan zein teknologikoetan, ekitaldia zabaltzen, eta, azkenean, REAS Euskadiko komunitate osoarentzat hainbeste itxarondako gaua iritsi zen. Azkenean, jendeak deszifratu ahal izan zuen 25+2ko enigma, pasa den urtearen amaieran jakinarazi genuena. Baina hurbildu ezin izan zineten guztiei zalantza argitu aurretik, gauaren nondik norakoen laburpen bat egin nahi dizuegu, batzorde antolatzaileak nola bizi izan zuen azaltzeaz gain.
Ekonomia solidarioaren edozein ekitaldi publiko bezala, jai beraren bi bertsio egon ziren: bertsio ofiziala eta bertsio estraofiziala. Ofizialetik hasiko gara: aldez aurretik izena eman zuten 150 pertsonak 19:30etan Bilborock-en bildu genituen eta edateko zerbait eskaini genien, 20:00etan ekitaldia bera hasi zen arte. Ekitaldia Marian Díez sareko presidenteak ireki zuen eta Ione Irazabal Pabellon 6-ko aktoreak aurkeztu/dinamizatu zuen. Ekitaldia laburra izan zen, baina denbora eman zigun Ioneren bakarrizketa bat entzuteko, sarearen bost sortzaileetako batek idatzitako gutun anonimo bat irakurtzeko, Kidendako María Ferrer eta Mugarik Gabeko Ekonomialarien Irati Cifuentes-en testigantzak entzuteko, sarearen elkarte-bizitzari eta Ekonopoloaren ibilbide berriari buruz, eta, azkenik, Zabaltzen Sartu-ko Marta Senz-ek eta Hobest-eko Maite Darceles-ek idatzitako bi ipuinak entzuteko. Behin zatirik formalena bukatuta, Peñascal Kooperatibako pintxoak atera genituen, Menu2tres taldea hasi zen jotzen eta, azkenik, Goiuri Go Freak-en “pintxada”-rekin itxi genuen festa.
Argazki ofizialak jaiaren lehen zatikoak dira:
Honaino, jaiaren bertsio ofiziala… 😊 Estraofizialari dagokionez, gauza batzuk baino ezin ditugu kontatu: Bilborock-eko ardo izakinak amaitu genituela, Bilboko taberna guztiak itxi zituzten jende talde txiki bat egon zela (Erresistentzia izena jarri zioten elkarri) edo ekitaldiaren aurkezlea eta REASeko bazkideetako bat pisu bera erosi nahian ibili zirela duela aste batzuk. Gainerakoa, esan ohi den bezala, REASeko jaietan gertatzen dena, REASeko jaietan geratzen da.
Baina hemen uzten dizkizuegu argazki estraofizialetako batzuk, ideia bat egin dezazuen:
Azkenik, eta agindutakoa zorra delako, 25+2ko enigma ebatziko dugu: 2022an gure 25. urteurrena ospatu genuen, elkarte gisa erregistratzea 1997. urtean egin zelako. Baina esaten dugu 2023an 27 urteak ospatzen ditugula, elkartea eratzeko akta 1996ko irailekoa delako.
Ostiralean, jende askok ahotsa altxatu zuen 25+3 urteurreneko beste festa bat eskatuz datorren urterako. Hilabete batzuk itxaron beharko duzue batzorde antolatzaileak indarrak berreskuratu eta berriro baloratu arte. Oraingoz, bi argazki galeria (ofizialak eta estraofizialak) utziko dizkizuegu, tentsioa eta gogoa mantentzeko datozen 12 hilabeteetan.