2024/09/18
Kategoriak
Bestelakoak Ekonomia Solidarioa eta Feminista REAS Euskadi

EkoSolFem, REAS Euskadiren proposamen feminista lantzen duen taldeak, bizitza erdigunean ikuspegi publiko-komunitario batetik jarriko duen zaintzen-eredu baterantz aurrera egiteko neurrien eta proposamenen dokumentu bat prestatu du.

Alerta-seinale askok erakusten dute sistema biozida batean bizi garela, dimentsio anitzeko krisi batean, non zaintzen krisia ardatz nagusietako bat den.

Krisi horri buruz, esan genezake sistema publiko eskasa dagoela, edo zerbitzu horiek pribatizatu eta merkantilizatu egin direla irabazi kapitalista ardatz duten enpresetan. Lan horiei lotutako emakumeen bizitzen esplotazioan eta prekarizazioan zentra gaitezke (modu ordainduan edo ez). Edo gizarte-desberdintasunen hazkundean, erantzun erreaktiboen agertoki batean. Ahultasun handieneko pertsonen arretan dauden gabeziak aipa genitzake, asistentzialismoan oinarritutako eredu batekin. Edo isolamendu, neke, nahi ez den bakardade edo osasun mentaleko arazoak gero eta zabalduagoak. Sintoma horiek guztiak ez dira ustekabekoak, ezta loturarik gabekoak ere; aitzitik, zuzenean lotuta daude zaintzaren antolaketa sozial bidegabe batekin.

Oraingo honetan, ordea, proposamenetan zentratu nahi genuen, REAS Euskadik eredu bidegabe horren eraldaketan duen erantzukizuna onartuz. Horregatik, ekoSolFem taldeak ildo horretako proposamenak identifikatzeko prozesu bat jarri zuen abian.

Prozesu hori Aradia kooperatibak eta Colectiva XXK-ek dinamizatu du, eta, horren ondorioz, 8 neurri biltzen dituen dokumentu hau aurkezten dugu, bi jarduera-eremutan: publikoa eta komunitarioa. Erantzunkidetasun publiko-komunitarioko eredu feminista bat eraikitzeko ibilbide-orria da, zaintzarako eskubide kolektiboan aurrera egiteko. Azken batean, eraikitzen ari den proposamena da, eta ekarpenak egitera gonbidatzen zaituztegu.

Patricia, Delicia eta Silvia gure bidelagunek prozesu honi emandako maitasuna eta arreta eskertu nahi ditugu. Eta ekoSolFem saioko partaide guztiei barreak, kiribil amaigabeak eta ikaskuntzak. Horiei guztiei (daudenei, egon zirenei eta egongo direnei) ESKERRIK ASKO ekonomia solidario eta feminista bat eraikitzeko egin duzuen ekarpenagatik.