Datorren ostiralean, urriak 20, goizeko 9:30ean, “Etxebizitza kooperatiba Ekonomia Sozial eta Solidariotik” jardunaldia egingo da Bilboko San Frantzisko Gizarte Etxean. Jardunaldia hainbat lurraldetan antolatu da, eta Perviure kooperatiba katalanak La Germinadora proiektuaren baitan sustatutako jardunaldi ziklo baten parte da, ekonomia sozialaren eta zaintzaren PERTEaren NextGenerationEU funtsen finantziazioarekin. Goizean zehar, administrazio publikoek, sektoreko eragileek, entitate teknikoek eta proiektuek hartuko dute parte. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, prestakuntza eta dinamika saio bat izango dira etxebizitza kooperatiben proiektu eta taldeentzat.
Bilboko jardunaldia REAS Euskadirekin lankidetzan antolatu da. Lurraldeko ekonomia sozial eta solidarioaren erreferentea da, eta duela bi urtetik Etxebizitza Lan Taldea dauka. Talde horrek biltzen ditu etxebizitza inklusiboko erakundeak, arkitektura eta hirigintza eraldatzaileak, eta baita, erabilera lagapeneko kooperatiben proiektuak ere. Beste hainbat erakunde eta eragile esanguratsuk ere parte hartzen dute, hala nola REAS Sareen Sareko Etxebizitza Kooperatibako Estatuko Lan Taldeak, Koobizitza sareak, Ametsak Sortzen elkarteak eta Ariwake kooperatibak.
Sarrera doakoa da, eta aldez aurretik izena eman behar da online inprimakian. Informazioa www.lagerminadora.org webgunean aurki daiteke. Interneten zuzeneko bideo-emanaldia ere izango da, bertaratu ezin diren erregistratutako pertsonentzat.
Goizeko lehen mahaia administrazio publikoei eta sektoreko eragileei zuzenduta dago, eta Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendariak hartuko du parte EAEko Administrazio Publikoaren ereduaren markoaren ikuspegia emateko. Bartzelonako Udalaren aldetik, Ivan Gallardo arkitektoak hirian eredua hedatzeko gakoak agertuko ditu. Perviure kooperatibako Guimar Vargasek estatuko kooperatiben esperientziak jorratuko ditu. Ondoren, Rubén Méndezek, REAS Sareen Sarea kooperatibako Estatuko Etxebizitza Kooperatibako Lan Taldeko Idazkaritza Teknikoak, ereduaren ezaugarriak eta lankidetza publiko-kooperatiboaren bidez bultzatzeko beharra azalduko ditu.
Bigarren mahaiak abian diren proiektuak erakutsiko ditu, eta erakunde teknikoek ereduari egindako ekarpenak bildu. Tokiko esparrutik, Ederra Zabalak eta Gorka Barbak EAEn elkarbizitzan ari den Mendatako Ankurkulu etxebizitza kooperatiba aitzindariaren bizipenen berri emango dute. Bestalde, Gordexolako Ametxe proiektuko Imanol Madariagak proiektuaren ezaugarriak eta fase bakoitzean gainditu dituzten erronkak azalduko ditu, Euskadin erabilera-lagapenean eratutako lehen kooperatiba gisa. Itziar Aguirrebeitia eta Carlos Reyren eskutik, Etxekide senior kooperatibaren ibilbidea ere ezagutuko dugu, duela gutxi Iruñean orube publiko baten lagapena lortu baitute etxekidetzarako eraikina eraikitzeko.
Alde teknikoan, Casa Gestío kooperatiba katalaneko Iker San Románek, Euskadin etxekidetza eredua ezartzeko ikerketaren erredakzioan parte hartu duenak, eredua gure lurraldean garatzeko gako juridikoak azalduko ditu. Fiare Baku Etiko kooperatibako Alejandro Garcíak itxiko du bigarren mahaia. Fiare funtsezkoa da estatu mailako proiektu gehienak finantzatzeko, eta proiektuekin lan egiten duten finantza-ereduari eta harremanei buruz arituko da.
Jardunaldiak LaGerminadora proiektuaren barruan kokatzen dira. Etxebizitza kooperatiba hazi dadin etxekidetza proiektuen inkubagailua dugu hau, eta baliabide digitalak, hitzaldiak, formazioak eta elkartrukerako espazioak eskaintzen ditu, besteak beste. Euskadirako jardunaldi honetaz gain, saioak egingo dira Galizian (Santiago, urriak 5, osteguna), Andaluzian (Sevilla, urriak 10, asteartea), Madrilen (urriak 23, astelehena) eta Katalunian (Bartzelona, urriak 29, igandea) ere.