2022/04/13
Kategoriak
Ekonomia Solidarioa eta Feminista elkarlanak

Cristina Carrasco Bengoa Ekonomia Kritikoaren elkartekoa eta Zaloa Pérez Hernandorena REAS Euskadikoa -Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea- izan dira REMTEk (Red Latinoamericana de Mujeres transformando la economía) eta Emakumeen Mundu Martxak argitaratutako “Ekonomia eraldatzaileak gako feministan” liburuaren aurkezpenaz arduratu direnak.

REAS Euskadiren azken urteotako ekintzaren elementu nagusietako bat izan da nola eraiki ekonomiak bizitzaren zerbitzura, eta ez irabazi-asmoaren zerbitzura, edo nola jarri bizitza gure praktika eta erakundeen erdigunean. Ildo horretan, Ekonomia Feministak, bere kritikek eta esparru analitiko berriek lagundu dituzte azken aldian REAS Euskadin eman diren hausnarketak eta aldaketa sakon asko.

Ekonomia eraldatzaileak gako feministan” liburuak elkarrizketan jartzen du Ekonomia Solidarioa eta Ekonomia Feminista, eta produktibo eta erreproduktiboaren, politikoaren eta ekonomikoaren arteko zatiketak gainditzeko aukerak zabaltzen dituzten gakoak eskaintzen dizkigu, Ekonomia Solidarioaren agendan gai batzuk kokatuz, hala nola interdependentzia, zainketen kate globalak, pandemia honek sakontzen duen zainketen krisia eta egiten gabiltzan analisiei begirada intersekzional bat sartzeko beharra, besteak beste.

Asko dira, beraz, egiten dituen ekarpenak eta irekitzen dituen lan-ildoak. Alde batetik, ekonomia solidarioaren diskurtsoa indartzen duten ekarpen teorikoak, kapitalismo neoliberal eta heteropatriarkalaren garapenari egiten diogun kritika. Bestalde, eraikuntzari eta praktika ekonomiko alternatiboari egindako ekarpenak, emakumeek alternatiba horiek eraikitzeko egiten duten ekarpena berreskuratuz, ikusaraziz eta balioa emanez, eta planetaren hegoalde globalean emakumeek protagonizatutako erresistentzia-esperientzien beraren ikaskuntza garrantzitsuak eskainiz. Azkenik, bateratze-espazioak eraikitzeko ekarpenak, ideiak eta esanahiak eztabaidatzeko, iruditeria berriak eraikitzeko eta merkatu kapitalistaren logikak tenkatzeko (baita lekuz aldatzeko ere) gai den subjektu politiko anitz eta indartsu baten ekarpenak.

Argitalpen hau irakurtzera gonbidatu nahi zaituztegu, eta REMTEri eta Emakumeen Mundu Martxari eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duten lan teoriko eta praktiko handiagatik; izan ere, haiek gabe, beren gogoeta eta ekarpen askok dakarten itsasargirik gabe, askoz zailagoa izango litzateke feminismoetatik Ekonomia Solidarioaren diskurtsoa eta praktika indartzea. Eta proiektatzen ari garen eta lantzen ari garen bat-egiteak gabe, ezingo genituzke nahi ditugun gizarte-eraldaketa zabalak lortu, bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozioekonomiko berria eratzea.

Aurkezpenaren bideoa hemen ikus dezakezue: