2022an zehar hainbat jardueraz gozatu dugu Ekonopoloaren programazio soziokulturalaren barruan, Ekonomia Sozial eta Solidarioa herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.
Joan den ostegunean amaiera ederra eman genion aurtengo programazioari, Pabellón 6-eko Ione Irazabal eta Irene Bauen eskutik. Batzuetan barre algarak eta bestetan begietan malkoak eragin zizkiguten, kritika sozialez beteriko bakarrizketekin, maiz entzuten ditugun kontakizunak birplanteatuaraziz.
Margaret Atwood, Karmele Jaio, Juan José Millás, Juan Bufil, Unai Elorriaga, Ione Irazabal, Calle 13, Bertold Brecht, Ítalo Calvino eta AJO idazleen testuekin, besteak beste, kolektibitate gisa kezkatzen gaituzten gaiei buruz hausnartu genuen. Neandertal bati bere eguneroko errutina ezagutzeko egindako elkarrizketa dibertigarri batetik, tratu txarren gainditze prozesuaren kontakizun gainjasotzaile batera, baita leihoko bi auzokideen gogoetak ere, Ionek eta Irenek ikusarazi ziguten nork kontatzen dizkigun istorioak eta nola egiten duten.
Bietako batek galdetzen zuen bezala: Bazen behin,… zergatik behin? Non? Urrutiko leku batean? Zergatik ez hemen eta orain?
Urrian, M3Arteko neskek gure alderik artisauena atera zuten, zeramika-sortze tailer kooperatibo baten bidez.
Begiak estalita eta esku artean lokatza genuela hasi zen saioa. Saioan zehar erronka eta erresistentzia ezberdinei erantzun behar izan genien, buztinaren bidez islatuz, lehenik banaka eta gero taldean. Hainbat kolektiboren jakintza tradizionalak berreskuratu genituen, hala nola buztingintza, mihiztadura eta teilategalak, planteatutako erronkei aurre egiteko perspektiba, identitate eta forma desberdinak erabiliz. Lankidetza prozesua, hasieran diskretuagoa eta lotsagarriagoa, mural bateratu bat sortzeko lan kooperatibo handi batekin amaitu zen. Eta zer gertatu zen muralarekin? Soilik saiora etorri zirenek ezagutzen duten sekretua da 😉
Gainera, uda aurretik beste hiru jardunaldi izan genituen:
- Ekainean, Aradiako lagunek irakasle eta ikasleen esperientziak elkarrizketan jartzeko aukera eman ziguten, ikasgeletan lan egiten duten sexu-genero sistemaren logikak azalduz eta genero-arauetan nola gauzatzen diren identifikatzeko.
- Maiatzean Kidekoop-en txanda izan zen, bertako produktu agroekologikoen dastaketa zogarraria prestatu ziguten, elikadura-subiranotasunaren alde topa egiteko.
- Martxoan, Ekonopoloko programazioari hasiera eman genion, borroka feministak ikusaraziz, TikTak Animation eta AlBorde Films-eko film laburrekin.
Aurtengoz amaitu dugu… baina 2023an itzuliko gara Pikararen eskutik!
Adi egon REAS Euskadiren buletinari, oporretatik bueltan hurrengo jarduera argitaratuko baitugu, oraingoan Pikara Magazinerekin. Oraingoz, data – otsailak 16 – eta gaia – zahartzaroa – baino ezin dizkizuegu aurreratu.
Jai zoriontsuak izan eta urte berri on!