11 de ekaina de 2025
Kategoriak
Bestelakoak Ekonopolo REAS Euskadi

REAS Euskadin aktiboki bat egin dugu 2025eko Euskaraldiarekin, uste dugulako euskarak ere protagonista izan behar duela bizitzaren erdigunean jartzen dugun ekonomiaren eraikuntzan.

Aste hauetan zehar hainbat ekintza jarri ditugu abian gure sarean eta konpartitzen ditugun guneetan, hala nola Ekonopoloan, euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.

Hauek izan dira gure ekintzak:

📍 Euskaraldian parte hartzen duen erakunde gisa eman genuen izena ofizialki, eta egunerokoan euskara sustatzeko dugun konpromisoa berretsiz.

📬 Gure erakunde bazkideak ere bat egitera animatu genituen, gure izen-ematea partekatzeko mezu elektroniko batekin, eta beren talde eta harremanetan euskararen erabilera nola sustatu hausnartzera gonbidatuz.

Gosari informal bat antolatu genuen maiatzaren 22an, “Hartu kafe bat eta aukeratu zure rola” lelopean. Tarte lasai bat partekatu genuen, pertsona bakoitzak ahobizi edo belarriprest gisa parte hartu nahi zuen erabakitzeko, eta elkarrekin hausnartu genuen nola bultzatu euskararen erabilera Ekonopoloan eta gosarira hurbildu ziren erakundeetan.

📸 Argazki kolektibo bat atera genuen Ekonopoloaren sarreran, hemen ere euskaraz hitz egiten dugula erakusteko.

📄 Gure Euskara Plana eguneratu genuen, “REAS Euskadin euskara sustatzeko gakoak” izenburupean, gure sarean euskararen erabileran aurrera egiten jarraitzeko tresna bizi eta praktiko gisa.

📣 Eta, jakina, hori guztia gure sare sozialetan eta komunikazio kanaletan partekatu dugu, gure konpromisoa ikusarazteko eta Euskaraldian parte hartzeko gogoa kutsatzeko.

Euskarak gure sarean, gure espazioetan eta gure eguneroko praktiketan gero eta presentzia handiagoa izan dezan lanean jarraitzen dugu. ESS euskalduna izango delako edo ez delako izango.