Ekonomia solidarioko emakumeen nazioarteko foroan bildutako emakumeok adierazi nahi dugu ekarpen garrantzitsuak egiten ditugula matxismoak, arrazismoak eta logika kapitalistek ikusezin bihurtzen dituzten alternatiba ekonomikoak eraikitzeko, eta erabakiak hartzen parte hartzeko zailtasun eta oztopo estrukturalei aurre egin behar diegula. Hemendik, eraldaketa zehatzak eskatzen ditugu gure erakundeetan.
2022ko azken hiruhilekoan, ALBOANek eta REAS Euskadik online topagune bat sustatu genuen Euskadiko eta Latinoamerikako Ekonomia Solidarioko emakumeen artean, gure bizipenetik, gure proiektuetan aurre egin behar diegun eguneroko zailtasunak partekatzeko, erabakiak hartzen parte hartu nahi dugunean, ideiak eman nahi ditugunean, funtzionatzeko moduetan eta abian jartzen ditugun ahalduntze indibidual eta kolektiborako estrategietan berritu nahi dugunean. Gainera, emakumeek alternatiba ekonomikoak eraikitzeko baina matxismoak, arrazismoak eta logika kapitalistek ikusezin bihurtzen duten ekarpena ikusarazi nahi genuen.
Prozesu horren ondorioz, manifestu bat egin dugu, gure erakundeei egiten dizkiegun eskaera zehatzak jasotzen dituena:
- Ohartu daitezela genero-harremanak eta dinamika heteropatriarkalak direla nagusi; barne-eraldaketa behar dutela, desberdinkeria horien oinarrian egon daitezkeen sinesteak eta usteak zalantzan jartzeko. Eta hori guztia proiektuetako partaide garenon erantzukidetasunetik, aldaketa pertsonalik gabe aldaketa kolektiborik ez dagoela gogoan izanda.
- Emakumeen eskubide politikoen aitortza eta erabilera sustatzea berdintasun eta parekotasun-testuinguruetan eta indarkeriarik gabeko testuinguruetan. Emakumeen gaitasunak indartzeko ekintzak abian jartzea. Gu politizatzera bideratutako prestakuntza, indartutako trebeziak eta gaitasunak erabil ditzakegun praktika seguruko guneak, emakumeok prestakuntza-prozesuetan sartu ahal izateko laguntzak.
- Tresnak eta guneak sortzen laguntzea emakumeei (eta arautik kanpoko “beste” horiei) entzuteko, baloratzeko eta seguru eta zainduta sentitzeko.
- Lengoaia eta irudiak zaintzea, genero-estereotipoak ez erreproduzitzeko.
- Laneko inguru seguruak eta indarkeria matxistarik gabeak bermatzea, protokoloak sortuz eta indarkeria matxistei erantzunak sistematizatuz. Sotilenekin eta ikusezinenekin hasi eta sexu-jazarpenarekin eta jazarpen sexistarekin lotutako jokabideetara arte.
- Gure erakundeetako erabaki-organoetako emakumeen hazkundea eta ahalduntzea sustatzea.
- Emakumeen arteko ituna eta ahizpatasuna sustatzea. Proiektuan bertan, ekimenen artean edo inguruko erakunde eta sare feministekin.
- Elkartasunezko ekonomiatik emakumeen indartze ekonomikoa sustatzea. Enpleguak baldintza duinetan lor ditzatela sustatzea eta haien proiektuak abian jartzeko finantzaketa-bideak eskura izatea bultzatzea.
- Ekoizpen-arloak eta erreprodukziokoak duten harreman estua eta dinamikoa onartzea eta kide emakumezkoek proiektuen buru izan daitezen eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte har dezaten egin behar izaten dituzten lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak kontuan izatea, salatzea eta esku hartzea.