Martxoaren 21ean, ESSi ikasgelaren aurkezpena izan genuen UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Ekonomia Sozial, Solidario eta Eraldatzailearen ikasgelaren bitartez, Euskal unibertsitatearen eta ekonomia eraldatzaileko praktiken arteko topagunea finkatzen da, urteetan sortutako harremana indartuz. GEZKIk, Hegoak, Olatukoopek eta REAS Euskadik bultzatuta, pentsamendu kritikoaren, ikerketaren eta ekonomia alternatiboko esperientzien arteko loturak sendotzea du helburu.

Ekonomia egiteko beste modu batzuk onartzen dituen irekiera instituzionala
Ekitaldia EHUko ordezkarien hitzaldiarekin hasi zen, eta esparru akademikoan begirada ekonomiko desberdinak integratzearen garrantzia azpimarratu zuten. Koldo Calladok (Zientzia eta Gizarte Garapeneko errektoreak), Ana Berazak (Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Koordinazio Dekanoak) eta Mirene Begiristainek (ESSi ikasgelako zuzendariak) unibertsitatean espazioak irekitzeko beharra nabarmendu zuten, diskurtso nagusitik kanpo geratu ohi diren praktika ekonomikoak ikusarazteko.
Eta dimentsio anitzeko krisiaren aurrean, zer? Ekonomia Soziala, Solidarioa, Eraldatzailea eta Feminista
Jardunaldiak Amaia Pérez Orozco ekonomialariaren hitzaldiarekin jarraitu zuen, eta haren hitzaldiak egungo testuinguruaren irakurketa sakona eskaini zuen, elkarri lotutako hiru prozesu analizatuz: kolapso ekologikoa, bizitza prekarizatzen duen krisi sozioekonomikoa eta, kapitala eta bizitzaren arteko gatazka. Diagnostiko horretatik abiatuta, ESSa bizitza erdigunean jartzeko tresna kolektibo gisa pentsatzea proposatu zuen, ikuspegi feministatik, eraldatzailetik, aldaketak dakartzan tentsioez jabetuta. Ekonomia eta antolaketa egiturak birpentsatzeko beharra aldarrikatu zuen, logika publiko-pribatutik harago “hirugarren espazio” bat eraikiz. Eraldaketa egunerokotasunean hasten dela ere adierazi zuen, gure etxeetan. Eta itxaropenez betetako ohar bat ere eman zigun: kapitalismoari ere gaizki doakio, beraz, ekiteko garaia da.
Errealitatea eraldatzen duten esperientziak
Ondoren, mahai-inguru bat izan genuen Aitor Jaurrieta eta Bingen Erdozia (Totem), Nerea Elias (Biziola) eta Jone Otxoarekin (Koop57). Beren bizi-ibilbidea, mugitzen dituzten helburuak eta errealitatea eraldatzeko modu zehatzak partekatu zituzten. Sektore ezberdinetatik datozen kooperatiba hauek ESSaren aniztasuna eta potentziala erakusten dute. Nereak elikadura subiranotasunaz eta tokiko garapenaz hitz egin zuen; Jonek finantzak ere modu kooperatiboan egin daitezkeela azaldu zuen; eta Aitorrek eta Bingenek eskalada materialaren inguruko ekimena aurkeztu zuten, begirada eraldatzailearekin.
ESSi ikasgelaren manifestua: balio eta konpromiso partekatuak
Itxi aurretik, Julen Izagirrek (GEZKI), Garazi Alkortak (ESSko masterreko ikaslea) eta Blanca Boixek (REAS Euskadi) ESSi ikasgelaren manifestua aurkeztu zuten, espazio hori gidatzen duten printzipioak jasotzen dituena: ESSren aldeko apustua politikoa, bizitzaren jasangarritasunarekiko konpromisoa, lan kolektiboa, interkooperazioa eta gelaren bokazio praktiko eta eraldatzailea. Era berean, ikuspegi anitza eta feminista aldarrikatzen du, jakintza akademikoen eta ekonomia alternatiboko benetako esperientzien arteko lotura hobetzea helburu duena.
📥 [Deskargatu ESSi ikasgelaren manifestua]
Ospatu komunitatea ehuntzen jarraitzeko
Jardunaldiari amaiera emateko, Beatriz Egizabalek Klownkonklusio batzuk atera zituen, umorez, ideia nagusiak laburbilduz. Gainera, fakultateko hall-a ospakizun gune bihurtu zen, Flamenkonomia eta Ines Osinagaren zuzeneko musikarekin eta Lakarik eskainitako catering batekin.

