
Joan den otsailaren 18an, etxebizitza beste era batera antolatu daitekeela (eta antolatu behar dela) uste dutenen topagune bihurtu zen Gasteiz. REAS Euskaditik, Koobizitza Euskadirekin batera, saio parte-hartzaile bat egin genuen, erabilera lagapeneko Etxebizitza Kooperatiboaren ereduari indarra ematen jarraitzeko: ohiko eredu espekulatiboaren aurrean alternatiba erreal, sendo eta eraldatzailea.
Jardunaldian profil ezberdinak bildu ziren: udal arduradunak, etxebizitza kooperatibak eta eredua bertatik bertara ezagutzeko interesa duten pertsonak. Belaunaldien eta sektore askoren arteko nahasketa horrek erakusten du etxebizitzari buruzko eztabaida ez dela periferikoa: zentrala dela.
Elkarren arteko lankidetzatik sortutako eredua
Saioa REAS Euskadik eta Koobizitza Euskadik bultzatu zuten, lurraldean erabilera-lagapeneko etxebizitza proiektu kooperatiboak artikulatzen dituen ekimenak. Elkarren arteko laguntza, ikaskuntza partekatuak eta ekimenen artean ehundutako sareen emaitza da Koobizitza -horietako asko REAS Euskadiko erakundeak -, zeinek erabaki baitute etxebizitza ez dela aktibo finantzario bat, eskubide eta proiektu komunitario bat baizik.
Jardunaldiaren lehen zatian oinarriak ezarri ziren. Jagoba Buenok (REAS Euskadi) Koobizitzaren lana eta topaketaren zentzu estrategikoa testuinguruan jarri zituen. Ondoren, Rubén Méndezek (Ariwake eta Ametxe) eredua azaldu zuen, eta haren potentziala zein eta aurrean dituen erronka nagusiak azaldu zituen: finantzaketa, ahokatze juridikoa, lurzorua eskuratzea edo ereduaren ulertze soziala, besteak beste.
Zati honen itxiera Isabel Izcueren (Ametsak Sortzen) eskutik etorri zen. Izcuek Euskadin arrakasta izan duten lau esperientzia partekatu zituen. Antzeko zerbait duten proiektuak: landa-inguruneetan erabiltzen ez diren baserriak birgaitzea, gaur egun hainbat familia bizi diren etxe kooperatibo bihurtuta. Ondarea berreskuratu, lurraldea biziberritu eta komunitatea eraiki: hiru eragin ekuazio bakarrean.
Erronkak desblokeatzeko adimen kolektiboa
Atsedenaldi labur baten ondore, ekintzari ekin genion. Lau taldetan banatu ginen eredua zeharkatzen duten esparru handiak aztertzeko: ekonomikoa, soziala, juridikoa eta habitata. Helburua argia zen: oztopoak identifikatzea, baina, batez ere, irtenbideak proposatzea.
Emaitza, denboran kokatutako proposamen zehatzez osatutako bide orri kolektiboa izan zen. Besteak beste, talde berrien lurreratzea errazteko gida praktikoak -ekonomikoak eta juridikoa- egitea, Koobizitza barruan batzorde espezifikoak sortzea, edota dagoeneko martxan dauden proiektuak gertutik ezagutzeko formazio topaketak eta espazioak bultzatzea.
Beste etxebizitza-eredu baten aldeko apustu estrategikoa
REAS Euskadin erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiboaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, etxebizitzen krisiari aurre egiteko palanka estrategiko gisa. Ez da irtenbide magikoa, baina bai Ekonomia Sozial eta Solidarioaren printzipioekin koherentea den proposamena: jabetza kolektiboa, erabilera mugagabea, lurralde errotzea, iraunkortasuna eta zaintza erdigunean.
Etxebizitza ezin da merkantzia hutsa izan. Komunitatea izan daiteke, egonkortasuna izan daiteke, etorkizun partekatua izan daiteke. Eta Euskadin, gero eta gehiago gara hori eraikitzeko prest gaudenok.
Jardunaldiaren aurreko egunetan, Rubén Méndezekin (Ariwake eta Ametxe) hitz egin genuen, ereduaren gakoetan eta Euskadin erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiboak bizi duen unean sakontzeko. Elkarrizketa osoa hemen:





