2025/12/22
Kategoriak
Politika publikoak sareak eta mugimenduak

REAS Euskadik, Lankidetzaren Euskal Kontseiluko gizarte-erakundeetako kide den aldetik, bat egiten du Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta Zehar-Errefuxiatuekin egindako salaketarekin, EAJk eta PSE-EEk Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Legeari egindako zuzenketa bati buruzkoa. Zuzenketa horri esker, sektore publikoak lankidetzan jardun ahal izango du erabilera militarreko armamentu edo teknologiaren ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzaketarekin, “Europako Segurtasun Estrategiaren barruan”.

Diario.es Euskadik duela egun batzuk jakinarazi zuenez, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek – EAJk eta PSE-EEk, gehiengo absolutuarekin – 2026ko Aurrekontuen Legearen artikuluei zuzenketa batzuk egin zizkieten joan den azaroaren 28an. Zuzenketa horien artean, azken xedapenetako hamargarrena sartu zen. Horren bidez, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Legea aldatu zen 10. artikuluan, Garapen Iraunkorrerako Politiken Koherentziari buruzkoan, eta aldaketa horren bidez, armagintza industriarekin ekonomikoki lankidetzan aritzeko aukera eman zen, hori bai, betiere Europakoa bada. REAS Euskadirentzat politiken koherentzia bere ardatz estrategikoetako bat da, eta uste dugu hori larritasun kontua dela, bai funtsean, bai forman, komunikabideen bidez jakiten baitugu proposamen hori.

Gure ustez, Legearen aldaketa horrek ahuldu egiten ditu nazioarteko lankidetzako eta elkartasuneko euskal politikaren tresna eta erreferentzia-esparrua, nazioarteko elkartasuneko politika publikoen aldeko apustua eta politiken koherentzia-esparruaren estrategia bera, eta, zehazkiago, euskal enpresen jarduera arautzekoa.

Horregatik guztiagatik, salaketa publiko honekin bat egiten dugu gure kezka handia adierazteko, bai sartutako aldaketen edukiagatik, bai aldaketa horiek egiteko moduagatik. 2024ko otsailean onartutako Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Legea adostasunen lege bat izan zen, non lankidetzaren sektore osoak parte hartu zuen eragile guztiek onartzeko moduko testu bat sortzeko. Hala ere, testua ez betetzea nabarmena da, eta gertaerak ikusita, Lege honek bultzatutako politiken koherentzia Eusko Jaurlaritzak estrategia gisa bertan behera uzten du. Euren komunikatuan adierazten duten bezala, guk ere ez dugu nahi euskal herritarrengandik bildutako dirua erabilera militarreko armamentua edo teknologia ekoiztera, merkaturatzera eta finantzatzera bideratutako industrietan laguntzera eta inbertitzera bideratzea. Garapen iraunkorra eta ingurumena eta pertsonak zaintzea bultzatzen duten sektpre produktibo eta erreproduktiboetara bideratzea nahi dugu, bai Euskadin, bai munduko gainerako lekuetan.