2023/02/28
Kategoriak
Politika publikoak REAS Euskadi

Hasiera batean, lankidetzaren, finantza etikoen eta inpaktu-inbertsioaren sektoreko 30 eragilek gonbidatuta zeuden baina, azkenean, ia 50 erakunde bildu ziren, besteak beste: REAS Euskadi, Oikocredit, Calala Fondo de Mujeres, FIARE Banka Etikoa, Hegoa, Finanzas Éticas Fundazioa, Mugarik Gabeko Ekonomialariak eta Mikrofides.

Joan den otsailaren 22an, Bizkaia Aretoan euskal lankidetzaren finantza-modalitatea diseinatzeko prozesua abiarazteko mintegia egin zen, lurraldeko eragile guztien arteko elkarrizketa bati ekiteko, abiapuntuko egoera eta dauden gaitasunak eta beharrak aztertzeko, bai eta Euskadin eta haren inguruan izan diren eta hasierako kapitala osatzen duten esperientziak aztertzeko ere.

Mintegia erakundeetako ordezkari hauek ireki zuten: Jose Antonio Rodriguez Ranz – Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea – eta Paul Ortega Etcheverry – Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria –. Ondoren, esku-hartze nagusiak aurkeztu zituzten. Miquel Carrillok, Nadir Perspectiva SCCL aholkularitza-enpresako adituak, Euskadiko eta inguruko finantza-lankidetzaren artearen egoeraren aurkezpena egin zuen. Mariona González SpainNABeko Berrikuntza eta Gizarte Ekonomiako zuzendariak, bestalde, eragin soziala duten inbertsioei eta horiek nazioarteko lankidetza-politikekin duten loturari buruzko Europako eta nazioarteko panorama azaldu zuen.

Ondoren, gizarte zibilak gidatutako hainbat esperientzia ezagutzeko gune bat egon zen (Oxfam, Anesvad Fundazioa, Gawa Capital), eta ekonomia sozial eta solidarioaren finantza etikoen arloko ekimenek (Microfides, Fiare Banca Etica edo Oikocredit) emandako informazioa ere jaso ahal izan zen. Mintegian Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Finantzen Euskal Institutuak parte hartu zuten.

eLankidetza, mintegiaren bidez, hainbat eragileri irekitako prozesu kolektibo baten bidez diseinatutako finantza-lankidetzako ildo bat izateko bideari ekingo dio. Errealitatearen eta dauden aukeren azterketatik abiatuta, azken urteetan metatutako esperientzia eta Euskadin eta bere ingurunean eskuragarri dauden gaitasun guztien artikulazioa integratzea du helburu.

Informazio gehiagorako sakatu hemen