
REAS Euskadiko Koordinazio Taldeko kide den Zaloa Pérez elkarrizketatu dute Radio Popular – Herri Irratian, Gabon hauetan kontsumitzeko moduak eraldatzeari buruz hitz egiteko eta pertsonak, planeta eta bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jartzen dituzten alternatibak ezagutarazteko.
Elkarrizketan, Zaloak azaldu du Euskadiko Merkatu Soziala (MES) ez dela produktu eta zerbitzuen katalogo hutsa, baizik eta estrategia eraldatzaile bat: ekonomia etiko, ekologiko, demokratiko eta solidarioetan oinarritutako zirkuituak indartzea du helburu. MESk Ekonomia Sozial eta Solidarioko enpresa eta erakundeen arteko interkooperazioa sustatzen du, haien inpaktu soziala eta ingurumenekoa handitzeko.
“Merkatu Soziala ekoizpen, finantzaketa, banaketa eta kontsumo sare bat da, bizitza erdigunean jartzen duena”, azaldu du Zaloak, eta gogorarazi du 134 enpresa eta erakunde baino gehiago daudela jada konprometituta irizpide horiekin, askotariko sektoreetan: elikadura, komunikazioa, hezkuntza, finantza etikoak, ostalaritza edo garraioa, besteak beste.
MESren tresna nagusietako bat da online bilatzailea (merkatusoziala.eus). Bertan, herritarrek Ekonomia Solidarioko produktu eta zerbitzuak aurki ditzakete 18 sektore ekonomikotan, eta horrela Gabonetako erosketak modu kontzienteagoan planifikatu.
Zaloak azpimarratu du ikuspegi hau ez dela soilik “kontsumo arduratsua” egitea: eredu ekonomiko nagusiari benetako alternatibak martxan jartzea da, bizitza errespetatzen duten ekoizpen-prozesuak babestea eta lankidetzan eta zaintzan oinarritutako harreman ekonomikoak eraikitzea.

