Udaberria da, eta ekonomia solidarioaren munduan, horrek gauza bakarra esan nahi du: barrura begiratu eta kanpora komunikatzeko ordua iritsi da, #auditoriasoziala egiteko ordua hain zuzen ere.
Esan genezake ekonomia solidarioa izeberg handi bat bezalakoa dela, gure praktika batzuk eremu publikoan bistaratzen dira, baina hura osatzen duten pertsona guztien eguneroko lan gehienak, gutxi ez direnak, oraindik ezkutuan daude, itxaroten, guk azalera ekarri arte.
Aurten, bi urtean behin bezala, REAS Euskadiko 85 erakundek eta ekonomia solidariotik gertu dauden beste erakunde batzuek #auditoriasoziala osoa egingo dugu (bi urtean behin ere auditoria ez hain zabala egiten da). Horrek esan nahi du 100 adierazle kuantitatibo inguru zabaldu behar direla, eta erakundeko langileen eta boluntarioen artean 36 itemeko inkesta kualitatiboak bete behar direla.
Eskatzen den informazio guztia lortzea lan nekeza da, baina emaitzak ematen ditu datuak biltzeko lehen fasea igaro ondoren. Eta zergatik esaten dugu fruituak ematen dituela? Ez al da “beste galdetegi bat”? Hemen #auditoriasoziala prozesuan parte hartzeko hain interesgarria den arrazoietako batzuk:
- Nagusia: gidatzen gaituzten sei printzipioen, ekonomia solidarioaren kartaren sei printzipioen, betetze-maila neurtzen laguntzen digu: ekitatea, lana, ingurumen-jasangarritasuna, lankidetza, irabazi asmorik gabea eta inguruarekiko konpromisoa.
- Kanporantz: tresna informatikoak berak, infografia oso bisual baten bidez, gure erakundearen emaitzak gure bezeroei, hornitzaileei, bazkideei eta gertuko gainerako pertsonei komunikatzea errazten digu.
- Barrurantz: auditoria sozialak ematen dituen datuak erakundearen ekintza-planak edo plan estrategikoak fidagarritasun handiagoz egin ahal izateko analisia dira.
- Azkenik: erakunde guztien datuak gehitzean, sektore gisa ditugun indarguneen eta ahulguneen ikuspegi orokorra izatea lortzen dugu, eta, gainera, nagusi den eredu ekonomikoaren benetako alternatiba gisa aurkeztu ahal izatea.
Aurten, apirilaren 28tik maiatzaren 31ra, “Ikusezina erakutsi, auditoria soziala egin” lelopean, datuak biltzeko kanpaina abiatuko dugu, eta udazkenean emango ditu emaitzak, ekonomia solidarioaren indar guztia azalerantz bultzatzen dugunean.