2022/10/27
Kategoriak
Erakunde bizigarriak REAS Euskadi

Gure sarean parte hartzen duten 50 pertsonak baino gehiagok jaso dute lan-inguruneko indarkeria matxistei buruzko prestakuntza, REAS Euskadiren I. genero-berdintasunaren aldeko BIZIGARRI planak bultzatutako ekintzen esparruan.

REAS Euskadik ekitatearekin eta genero-berdintasunarekin duen konpromisoa ez da etikoa bakarrik, politikoa ere bada. Sarea barne eremuan eta bazkideengan aldaketa eta eraldaketarako eragile gisa hartzen dugu, baina baita erakundeekiko eta gizartea osatzen dugun beste eragile batzuekiko eragin-erantzukizuna ere.

Prestakuntza honekin, prozesu eraldatzaile eta ahalduntzaile baten lehen urratsak eman nahi izan ditugu, sareko eta bertako kide diren erakundeetako sexu-indarkeriei aurre egiteko protokolo batean amaituko dena. Prozesu horretan, gure erakundeek parte hartuko dute, geure burua zalantzan jartzeko balioko du, eta antolaketa-kultura bat eraikitzea izango du helburu. Kultura horretan, gerta daitezkeen jazarpenak eta erasoak ez dira bi pertsonen arteko gatazkak, baizik eta sare osoa inplikatzen dutenak. Erasoei, sexu-abusuei eta -jazarpenei ez ezik, sexu-diskriminazioei eta generoagatiko diskriminazioei ere erantzun nahi diegu, biktimizazioetatik eta paternalismoetatik ihes eginez eta biktima eta haren susperraldia azpimarratuz.

Sortzen, indarkeria matxistaren aurkako analisian eta jarduketan eta emakumeen ahalduntzearen sustapenean espezializatutako aholkularitza, izan da 8 orduko prestakuntza-prozesu honen arduraduna. Bi saiotan banatu dugu, eta sareko erakundeetako 53 pertsonak parte hartu dute. Prozesu honen bidez, REAS Euskadiren elkarte-egituran parte hartzen duten pertsonek indarkeria matxistei buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa jasotzea nahi izan dugu, bai eta jazarpen mota desberdinak ezagutzea ere, maila teorikoan zein praktikoan.