Iaz, zaintza-sistema publiko-komunitario bat aldarrikatzera atera ginen kalera, zaintzarako eskubide kolektiboa gure politika publikoak artikulatzeko jomuga izan zedin.

Testuingurua ez da asko aldatu, baina ikusten dugu bizitzaren esfera berrien merkantilizazio eta pribatizazio horri faxismoaren gorakada nabarmena, zapalkuntza mekanismo berriak eta botere harreman gero eta konplexuagoak gehitzen zaizkiola.
Aurten, EHko mugimendu feministak ausardia eta aliantza feministak estrategia kolektibo gisa erakutsi nahi ditu, faxismoaren aurrerapen hori geldiarazteko eta behar ditugun trantsizio ekosozialak bultzatzeko, bizirik irauteko sen hutsagatik.
Gu, ekonomia solidarioko sareetan parte hartzen dugun feministok, oso kontziente gara aliantzek dituzten inpaktuez, ez bakarrik testuinguruaren aurrean, baita barrutik eraldatzeko ere, Erakunde Bizigarriak deitu diogun horretarantz joateko.
REAS Euskaditik gure oinarri sozial osoa animatu nahi dugu EHko mugimendu feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera, baita mugimenduaren barruan eraikitzen ari garen jarduera eta hausnarketa espazioetara, bizitza erdigunean jarriko duen gizarte antolaketa eredu baterantz aurrera egiten jarraitzeko.
Bakarrik ezin dugulako, baina lagunekin bai!
