2024/05/15
Kategoriak
Auditoria soziala REAS Euskadi

Une honetan, Euskadiko REASeko erakunde bazkideak gelditu egin behar dira, eta ondo jokatu behar dituzte euren kartak, “Auditoria Sozialari buruzko Kanpainaren” edizio berria iritsi delako.

Kartak nahasi eta jokoa banatuko dugu Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakunde guztien artean, hurrengo hilabetean euren esku dituzten kartak erabili beharko dituztelako gure funtsezko sei printzipioen lorpen-mailari buruzko autoebaluazioa egiteko: berdintasuna, lan duina, ingurumeneko jasangarritasuna, lankidetza, ingurunearekin hartutako konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa. Datuak bildu eta araztu ondoren, sareko talde teknikoak 120 inguru erakunderen auditoriak aztertuko ditu horretarako sortutako batzordean. Balorazio ona duten erakundeek Auditoria Sozialaren zigilua jasoko dute, 2022an ezarritako ziurtagiria, alegia. Zigilu hori funtsezkoa da merkatu sozialean sartzeko, hau da, Euskadiko REASek orain dela hamarkada bat baino gehiagotik Ekonomia Sozial eta Solidarioko produktuak zein zerbitzuak merkaturatzeko bultzatutako plataforma. Karta-sortako batekoa da! Komodin horri esker, Merkatu Sozialean sartzeko jokaldi bikaina prestatuko dugu.

Hau ez da gezurra. Datuak biltzeko prozesua zehatza denez, 100 adierazle baino gehiago hartu dira kontuan, eta 40 galderako inkesta egingo zaie erakundeetako soldatapeko langileei zein boluntarioei. Edonola ere, zigiluaren lorpenetik haratago, ekimen honek hainbat eta hainbat onura eskaintzen ditu. Batez ere, oso lagungarria da ekonomia solidarioko sei printzipio gidarien inguruko atxikimendu-maila neurtzeko orduan. Horrez gain, erabilitako tresna informatikoari esker, bezeroei, hornitzaileei, bazkideei eta beste alderdi interesdun batzuei modu bisualean emango zaie emaitzen berri.

Barne-mailan, lortutako datuak funtsezkoak dira erakundearen ekintza estrategikoak modu eraginkorragoan aztertzeko eta antolatzeko. Azkenik, baina garrantzitsua ere bada, erakunde guztien datuak bateratzean, sektorearen indarren nahiz ahulezien ikuspegi globala ere lortuko dugunez, nagusi den eredu ekonomikorako alternatiba bideragarri moduan aurkeztu ahal izango dugu. Horrela, karta-sorta ikusi ahal izango dugu oso-osorik, eta osagai dituen kartak zein diren jakingo dugu.

Beraz, maiatzaren 15etik ekainaren 14ra arte, “Auditoria Soziala. Ondo jokatu zeure kartak” lelopean, datuak biltzeko kanpaina egongo da abian, eta, bertan, sareko 116 erakunde bazkidek parte hartuko dute, baita erakunde laguntzaile batzuek ere.

Hori dela eta, mahukak jasotzeko, mahai-tapiza atontzeko eta inork entzungorrarena ez egiteko garaia da.

Euskadiko REASek kartak nahasi eta banatu egingo ditu. Ondo jokatu zeure kartak!

#auditoriasoziala24 #ESSjuegabientuscartas #ESSondojokatuzeurekartak #noteguardeselAS