
Maiatzaren 6an, REAS Euskadik Sareen Sareak antolatutako Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna dela-eta Vitoria-Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian parte hartu zuen. “Elkarrekin garena, batera egiten duguna” lelopean, jardunaldiak sektorearen indar kolektiboa nabarmendu zuen, bai eta gobernantza benetan kolaboratibo batean duen funtsezko rola ere.
Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetako bat izan zen Sareen Saria 2025 ematea Concha Clavero Molinari (REAS Euskadiko bazkide den Sartu Erroak erakundeko zuzendari ohia), politika publiko inklusiboak bultzatzen eta ikuspegi komunitario eta feministatik herritarrek parte hartzeko espazioak sortzen egindako ibilbidea aitortzeko. Sareen Sareak publikoki eskertu zuen hartutako konpromisoa, eta lehendakariak goraipatu egin zuen industria-krisiak, langabeziak eta drogazaletasunak markatutako testuinguruetan utzitako ondarea.
Ekitaldian, Sareen Sareko sareek martxoan garatutako parte-hartze prozesua jasotzen duen bideo bat aurkeztu zen, non Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren balioari buruz elkarrekin hausnartu zen. Lan kolektibo horrek posizionamendu partekatua ekarri du, eta honako hau aldarrikatzen du:

- Erakunde sozialen legitimitatea, eskubideak zaintzeko eta defendatzeko egiten duten lanagatik.
- Sektorean kokatutako ezagutza politika publikoen diseinuan.
- Hirugarren sektorea eragile eraldatzaile gisa aitortzea.
- Eta kalitatezko parte-hartzea bermatzeko baliabide egokiak izateko beharra.
REAS Euskadin berretsi egiten dugu ikuspegi kolaboratibo horrekin eta gizarte bidezkoago, inklusiboago eta solidarioago bat eraikitzearekin dugun konpromisoa, aniztasunetik eta baterako lanetik abiatuta.