2024/10/24
Kategoriak
Ekintzailetza REAS Euskadi sareak eta mugimenduak

Joan den urriaren 2an, REAS Euskadik Lanbidek antolatutako MerkaLan 2024 azokan parte hartu zuen Irunen. Ekitaldiak 1.219 pertsona bildu zituen bere jardueretan, eta elkargune garrantzitsua izan da Euskadiko enplegurako eta prestakuntzarako. 

EGES osatzen duten sareetako ordezkariak, Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuarekin eta Jokin Diaz, Ekonomia Sozialeko zuzendariarekin batera.

REAS Euskadik, azokako partaidetzarekin, Ekonomia Solidarioko erakundeak ikusarazi nahi izan zituen, EGES – Euskadiko Ekonomia Sozialaren Sareko gainerako familiekin standa partekatuz. 140 enpresa eta erakundek parte hartu zuten ekitaldian, horietatik 83k modu presentzialean parte hartu zutelarik eta 57k birtualki. 496 enplegu-eskaintza argitaratu ziren, guztira 1.059 lanpostu eta 5.100 hautagaitza baino gehiago erregistratu zirelarik hiru egunetan. 

Standaz gain, REAS Euskadik honako jardueretan parte hartu zuen: 

  • Erakunde bizigarriak eraikitzeko moduari buruzko hitzaldia: Bizigarriak diren lan-inguruneak sortzearen garrantzia jorratu zen, ikuspegi ez-patriarkaletatik eraikitako erakunde-ereduak sustatuz. Lidergo kooperatiboetan oinarritutako erakunde ireki, malgu, askotariko eta demokratikoak, parte-hartzea bultzatzen dutenak eta emaitzetan ez ezik, prozesuetan eta harremanetan ere -edo batez ere- arreta jartzen dutenak. Printzipio horien adibide diren ESSko erakundeen praktikak azaldu ziren, eta gaian sakontzeko hainbat tresna eta baliabide partekatu ziren. 
  • Ekintzailetza sozialari buruzko Scape Box-a: REAS Euskadik, proposatutako jokoetako baten edukiak sortzen lagundu zuen, ekintzailetza sozialari buruz kontzientziatzeko. Esperientzia interaktibo horren bidez, sareko hainbat ekimenen balioa nabarmendu zen, hala nola Goiener, Hari, Bikonet, Kidekoop eta La Tienda Comprometida, ESSaren printzipioetatik negozio ereduak garatzeko moduaren adibide direnak. 

MerkaLan 2024 aukera ezin hobea izan da REAS Euskadik Ekonomia Sozial eta Solidarioaren balioak zabaltzeko eta lan-eremuan lanean hasi nahi dutenentzat alternatiba jasangarri gisa ikustea sustatzeko. 

Ekitaldiak prestakuntza-eskaintza nabarmena ere eskaini zuen, 2.752 plazarekin, 137 programatan banatuta, eta azokaren plataforma birtualak 5.399 profil interesatu izan zituen, edizio honen arrakasta sendotuz. 

MerkaLan 2024 programan parte hartuz, REAS Euskadik kalitatezko enplegua sortzeko eta ESSaren printzipioetan oinarritutako proiektu berritzaileak garatzeko konpromisoa berresten du, Euskadiko  sare sozial eta ekonomikoa indartzen lagunduz.