2025/04/09
Kategoriak
Auditoria soziala REAS Euskadi

Mens sana in corpore sano. Ekiozu!

Geure gizarteko hainbat arlotatik, argi eta garbi daukagu adimen eta gorputz osasuntsuak edukitzea funtsezkoa dela bizitza ona bizitzeko. Nola gaude etxean bertan? Gure erakundeak nola lantzen ari dira euren gorputza eta adimena? 

Une honetan, REAS Euskadiko erakunde bazkideek geldialdia egin eta haien alderdi fisikoa nola dagoen hausnartu behar dute: pertsonekin eta lekuekin lotuta dagoen alde hori. Gainera, euren alderdi mentalagoa ere hasi behar dira lantzen, haien ideologiarekin eta balioekin zerikusia daukana, alegia.

“Mens sana in corpore sano”. Esaldi hori gogaitu arte erabili dute zenbait sektorek eta pertsonak, eta, aurtengo Auditoria Sozialean, geure egin dugu, gure sarearen muinaren adierazgarri delako, hau da, geure erakundeei ahalik eta sasoi onenean egoten laguntzea, denon artean Ekonomia Sozial eta Solidario sendo bezain osasuntsua lortzeko. Helburua ez da bakarrik itxura ona edo muskulutxo asko edukitzea, gure erakundeen osasuna osotasuna delako eta auditoriak geure arlo ahultxoenak aztertzen lagunduko digulako, erakunde bakoitzak bere premien, aukeren eta interesen araberako trebakuntza-plan pertsonalizatua diseinatzeko aukera izan dezan.

Hurrengo asteetan, gure erakundeek euren egoera fisikoa eta gogo-aldartea nola dauden aztertu beharko dute, gure funtsezko sei printzipioei dagokienez nola dauden jakin ahal izateko: berdintasuna, lan duina, jasangarritasun ekologikoa, lankidetza, ingurumenarekiko konpromisoa eta aberastasunaren bidezko banaketa. Datuak bildu eta araztu ondoren, sareko talde teknikoak 130 inguru erakunderen auditoriak berrikusiko ditu horretarako sortutako batzordean. Balorazio ona lortzen dutenek Auditoria Sozialaren zigilua jasoko dute, 2022an ezarritako ziurtagiria, alegia.  Zigilu hori erakundeen sasoi onaren erakusgarri da, eta funtsezkoa da Merkatu Sozialean sartzeko, hau da, Ekonomia Sozial eta Solidarioko produktuak eta zerbitzuak merkaturatzeko asmoz orain dela hamarkada bat baino gehiago REAS Euskadi bultzatzen hasi zen plataforman. Gure sagarrak ziurtatu egiten du gure gorputza eta gure adimena sasoi onean daudela, Merkatu Sozialean parte hartu ahal izateko.

Geure sareko erakundeei eskatu nahi diegu pentsatzeko eta euren burua aztertzeko tartea hartu dezatela. Datuak biltzeko prozesua zorrotza da benetan, bertan 100 adierazle baino gehiago agertzen direlako eta 40 galderako inkesta ere badagoelako erakundeetako ordainpeko langileentzat nahiz boluntarioentzat. Edonola ere, zigiluaren lorpenetik haratago, ekimen horrek hainbat eta hainbat onura eskaintzen ditu. Batez ere, ekonomia solidarioko sei printzipio gidariekin duten atxikimendu-maila neurtzen laguntzen digu. Azken batean, sasoi onean gauden jakiten laguntzen digu.

Erakundeetan bertan, lortutako datuak funtsezkoak dira erakundearen ekintza estrategikoak aztertzeko eta plangintza eraginkorragoa egiteko orduan. Azkenik, eta oso garrantzitsua ere bada, erakunde guztien datuak bateratzean, sektorearen indarrei zein ahuleziei buruzko ikuspegi globala lortzen denez, nagusi den eredu ekonomikoaren alternatiba bideragarria da. 

Beraz, apirilaren 9tik maiatzaren 23ra, “Mens sana in corpore sano. Ekiozu!” lelopean, datuak biltzeko kanpaina egongo da abian, eta, bertan, sareko 124 erakunde bazkideek eta erakunde laguntzaileetako batzuek parte hartuko dute.

REAS Euskadiko erakundeek nagiak astinduko dituzte osasuntsu daudela egiaztatzeko.