2025/10/09
Kategoriak
Merkatu Soziala REAS Euskadi

Ekonomia Sozial eta Solidarioak (ESS) EITBren uhinak hartu ditu. “Sare bizia” izenburupean, euskal irrati publikoak REAS Euskadirekin elkarlanean abiarazi du irratsaio berria, bizitza erdigunean jartzen duen ekonomiaren balioak, esperientziak eta protagonistak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Raquel Navarro kazetariak gidatutako saioa larunbat goizetan emititzen da 2025-2026 ikasturte osoan zehar, eta mugimendu eraldatzaile honetako pertsona eta erakundeei ahotsa ematea du xede.

Lehenengo saioan, Silvia Piris (REAS Euskadi) izan zen gonbidatua, eta ESS zer den eta kontsumo arduratsua zergatik den gizarte bidezkoago eta iraunkorrago baterako tresna eraginkorra azaldu zuen.

Hurrengo bi saioetan, Bikonet eta Goilurra sareko erakunde kideek euren esperientziak partekatu zituzten: eremu desberdinetatik, lankidetzan, tokiko sustraietan eta pertsonen zaintzan oinarritutako eredu ekonomiko alternatibo baten alde egiten dute.

“Sare bizia” topagune, inspirazio eta ikasketa gune izan nahi du: larunbatero, beste ekonomia bat ez ezik, dagoeneko martxan dagoen ekonomia hori ezagutzeko aukera izango dugu Euskadin.

🎧 Irratsaio guztiak entzungai daude online guau.eus plataforman, eta ikasturte osoan zehar atal berriak gehitzen joango dira.

REAS Euskadiko erakunde bazkidea bazara eta elkarrizketatua izan nahi baduzu, galdetegi erraz hau bete besterik ez duzu egin behar.