2025/01/15
Kategoriak
Prestakuntza eta sentsibilizazioa REAS Euskadi

2024ko azken hiruhilekoan Sarrikoko Ekonomia Fakultatean egoteko aukera izan dugu, bi irakasle aliaturen eskutik: Asier Arcos Alonso eta Amaia Garcia Azpuru (eskerrik asko ateak irekitzeagatik eta hain ondo zaintzeagatik). Hilabete hauetan gure errealitatea fakultate honetako ikasle batzuei hurbildu ahal izan diegu eta Ikaskuntza eta Zerbitzua metodologiaren esparruan esperientzia benetan interesgarri batean parte hartu ahal izan dugu.

Ikasleek, irakasleek eta gizarte-erakundeak, (aurten REAS Euskadi eta Emaus Fundazioa), elkarlanean ibiltzeko aukera izan dugu honako helburu hauei erantzuten saiatuz: alde batetik, gure erakundearen behar eta interes bat identifikatzea, ikasle talde horrek landu dezakeena. Eta bestalde, laguntzako lan horren bidez, hobeto ezagutu ahal izatea ekonomia ulertzeko eta egiteko dugun beste moduaren aplikazio praktikoa. Gure proposamena tokiko garapen-estrategiei buruzko irakasgaiaren esparruan landutako zenbait kontzepturekin elkarrizketan jarri nahi zen. Eta, azken batean, ekonomia sozial eta solidarioari buruz zuten ezagutza zabaldu, eragile nagusi gisa, lurraldeetan lurreratutako garapen-eredu alternatiboak ulertzeko.

Aitor García Ramos, David Guijo Salicio, Izaro Sanz de Vicuña Arego, Jagoba Bueno Domínguez eta Jon Cortes Bayot ikasleek (eskerrik asko zuen lanagatik) Ekonopoloa eta gure erakundeetako bat, La Ilusa, ezagutu ahal izan dute. Bestalde, guretzat interesgarria den gai bat landu dute: zeintzuk diren fakultateko ikasleentzat enplegu on bat definitzen duten elementuak, eta, esparru horretan, ekonomia sozial eta solidarioa haientzat profesionalki garatzeko leku egokia izan daitekeen ezagutzen saiatu dira.

Esperientzia oso kontzentratua izan da denboran, baina gozatu egin dugu, eta oso pozik atera gara denok, ekonomia ulertzeko eta egiteko beste modu batzuez gain, hori irakasteko beste modu batzuk ere badaudela sinetsita.