2023ko maiatzaren 28an udal eta foru hauteskundeak egingo direla eta, REAS Euskadik Ekonomia Sozial eta Solidarioa bultzatzeko politika publikoen gure proposamenak ezagutarazi nahi ditu. Eta, horrekin batera, dei egiten diegu alderdi politikoei, gizarte-eragileei eta, oro har, herritarrei, eredu ekonomiko berri bat sustatzeko proposamen horiek eraiki eta garatzeko.
Proposamen horiek 2030 Agendan eta GJHn oinarrituta egiten ditugu, erakundeek, eragile ekonomiko eta sozialek eta, oro har, gero eta herritar gehiagok bat egin dutelako lurraldeen prozesu eraldatzaile handinahi hori bultzatzeko premiarekin, eta prozesu hori betetzeko inflexio-puntu global eta lokal bat behar delako.
Ekonomia Sozial eta Solidarioko erakundeak dagoeneko badatoz, beren konfiguraziotik bertatik, 2030 Agendak identifikatzen dituen arazoei erantzunak eta alternatibak emanez, bai eta agenda horrekin koherenteak diren politikak garatzeko proposamen zehatzak eginez ere.
Horretan laguntzen jarraitu nahi dugu, praktika berriak eskainiz, gure planetak eskatzen duen trantsizio ekosozialaren bultzatzaile izateko konpromisoan. Bizitzaren jasangarritasunaren zerbitzura egongo den ekonomia sustatuz, gizaki guztien beharrak asetzeko lan egingo duen ekonomia, beren mundu komun sozial eta naturalaren ugalketa-gaitasuna mantenduz, ekoizpena eta merkatua komunitateen eta pertsonen zerbitzura jarriz.