2021/07/26
Kategoriak
Ekintzailetza Ekonopolo REAS Euskadi

Uztaila kooperatibismoaren hilabetea da. 1995ean Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak Kooperatiben Nazioarteko Eguna aldarrikatuko zuenetik, enpresa-eredu hau aitortu eta ospatzen dugu, mundu mailako garapen ekonomiko eta sozialaren ezinbesteko faktore bihurtzen ari dena.

Zer berezitasun dute kooperatibek?

Beste figura juridiko batzuek ez bezala, kooperatiben jarduera erakundea osatzen duten pertsonengan eta inguruko komunitatean zentratzen da. Autolaguntzako eta elkartasuneko balioetan oinarritzen dira, oparotasun komuna bilatuz norbanakoaren aberastasunaren gainetik.

Kooperatiba bat borondatez elkartzen diren pertsonen elkarte bat da. Erakunde demokratiko bat eraiki eta bazkide guztien interesa bilatzen duen kudeaketa bat izatea bilatzen du, bertako testuinguru ekonomiko, sozial eta kulturala kontuan izanik. Kudeaketan eta parte-hartzean arrakala txikiagoak izateko joera dute, eta soldata-arrakalak ere txikiagoak izaten dira beren langileen artean. Horren ondorioz, taldea osatzen duten pertsonen konpromiso-maila handiagoa da, eta horrek, aldi berean, jasangarriagoak egiten ditu. Beraz, eredu ekonomiko egonkorragoa da, batez ere krisi-egoeretan.

Gainera, kooperatibek modu bidezkoagoan banatzen dute aberastasuna, partaidetza ekonomikoaren printzipio kooperatiboari esker: kideek ekitatez laguntzen dute eta demokratikoki kontrolatzen dute beren kooperatibaren kapitala. Banaketa hori erakundearen barruan nahiz kanpoan gertatzen da, beren komunitateen garapen iraunkorrarekin konprometitutako erakundeak baitira. Kooperatibak tokiko beharrak asetzeko eratu ohi dira, inguruko aukerak aprobetxatuz eta haien inguruan eragin positiboa sortzeko asmoz.

Kooperatibei buruzko zenbait datu

Nazio Batuen arabera, munduko biztanleriaren % 12 baino gehiago gure planetako 3 milioi kooperatibetako baten bazkide da. Kooperatibek 280 milioi pertsona enplegatzen dituzte, munduko biztanleria aktiboaren % 10. 300 kooperatiba eta mutualitate handienek 2 mila bilioi dolarretik gorako negozio-bolumena sortzen dute.

Kooperatibismoa printzipio solidarioekin

Enpresa-eredu hau ezin hobeto osatzen da Ekonomia Sozial eta Solidarioaren (ESS) printzipioekin. Printzipio hauek forma juridikotik haratago doaz, eta enpresa- eta lan-kudeaketaren ikuspegi kapitalistari alternatiba bat eman nahi diote.

Bizitzari baino kapitalari lehentasuna ematen dion eredu jasanezin baten aurrean, ESSak ikuspegi eta praktika bat eskaintzen du non ekonomia garapen pertsonal eta komunitarioaren zerbitzura dagoen bitartekaria den – eta ez helburua. Ekonomia pertsonen eta haien ingurumen sozialaren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duen tresna gisa ikusten da. Beraz, ESSak sustatzen dituen enpresa-ereduek bizitzaren iraunkortasuna dute jardueraren erdigunean.

Bestelako ikuspegia duten proiektu ekintzaileak

Hainbat sektoretako gero eta ekintzaile gehiagok aukeratzen dute eredu ekonomiko hau, hala nola Botxo Riders banatzaileek, aholkularitza estrategikoko AIEDI Faktoriako fundatzaileek edo ordainketa-zerbitzu alternatioba eskaintzen duen Ekhilurrek, baita ile-apaindegiek, zerbitzu juridikoek, janari-dendek edota ehungintzako produktuek, garbiketa- eta lorezaintza-zerbitzuek, komunikazio- eta informatika-euskarriek, energia-komunitateek… eta abar luze bat.

Ekintzailetza solidarioak banakako ekintzaile arrakastatsuaren mitoa hautsi nahi du, baita bere helburuarekin ere: errentagarritasun ekonomikoa eta proiektuaren eskalagarritasuna lortzea. Aitzitik, komunitatean eragin positiboa duten tokiko behar sozialak asetzea bilatzen du, xede-publikoari emandako balioa ez ezik, balio hori NOLA sortzen den ere kontuan hartuz. Bizitzaren iraunkortasuna dago negozio-planaren oinarrian, honako printzipio hauek lagun dituelarik: ekitatea, lana – bai produktiboa, baita ugalketa eta borondatezkoa ere –, ingurumen-iraunkortasuna, lankidetza, ingurunearekiko konpromisoa eta irabazi-asmo eza.

“Ekonomia sozial eta solidariotik ekin. Badago beste bide bat”

REAS Euskadik eta Olatukoopek, Merkatu Sozialeko hainbat erakunderekin lankidetzan, KoopFabrika Bilbo programa sustatu zen 2020. urtean Bilbo inguruko ekintzaileei ekonomia solidario eta kooperatibotik ekiten laguntzeko. Lehen edizio honetan 22 pertsonak eta 15 ekimenek parte hartu zuten. Aurten, parte hartu zuten proiektuekin berriz topo egin nahi izan dugu jardunaldi batzuen bitartez. Saioek hauek helburu bikoitza izan dute: batetik, KoopFabrikatik igaro ziren proiektuak ekonomia solidarioko hainbat eragileren artean Bilbon egituratzen ari garen ekosistemara hurbiltzea; hau da Ekonopolora – Euskadiko Ekonomia Sozial eta Solidarioaren polora. Bestetik, ekintzailetza solidario eta kooperatiboaren inguruan sortzen ari diren behar eta erronka berriak identifikatzen laguntzea.

Jardunaldietan, ekintzailetza solidarioaren hiru alderdi landu ditugu:

Hasierak laguntzarekin ez dira hain gogorrak 

Ekainaren 8an, goizean, laborategi-tailer bat ospatu zen “Hasiera eta trantsizioa” lelopean. Saio hau ColaBoraBora kooperatibak dinamizatu zuen, Bilbon ekintzailetza-fasean dauden proiektuen diseinuan lan egiten duten eragileak, kooperatiba sortu berriak eta ekintzailetza sozialerako ibilbideak saretuz. Erronka eta behar berriak identifikatu ziren ekonomia sozial eraldatzaileko enpresen hastapenean eta trantsizioan.

Etorkizuna gurea da

Hurrengo egunean, etorkizunera begiratzeko txanda izan zen. Mahai-inguru batean, bizitza modu kooperatiboan antolatzeko eredu berrien inguruan jorratu zen. “Gure bizitza modu kooperatiboan antolatzea” izenburupean, herri-ekimenak eta autoenplegu-proiektuak izan genituen, eredu berri hauen erronkei, zailtasunei eta potentzialtasunei heltzeko. Solasaldia REAS Euskadi eta Olatukoop kanaletan eskuragarri dago.

Mahai-ingurua Ruben Mendezek (Ametxe cohousing ekimena), Gartzen Garaiok (Aiaraldea Ekintza Faktoria) eta Ester Espinaltek (Errotik Kooperatiba Feminista) osatu zuten eta REAS Euskadiko Zaloa Pérezek moderatu zuen.

Beste bide bat egiten ari gara

Amaitzeko, ekainaren 17an “Ekosistema sortzen” saioa egin zen. Topaketa informala izan zen, ideiak eta sinergiak partekatu ziren, baita pintxo eta kanabera batzuk ere, Kidekoop eta Boga kooperatibei esker. Urtebete eta bizitza hankaz gora jarri digun pandemia mundial baten ostean, jaio berri den Ekonopoloko hainbat eragilek KoopFabrika Bilbo 2020tik atera ziren proiektuekin topo egin genuen berriro. Pozgarria izan zen Botxo Ridersek Bilbon modu jasangarri eta justuan banatzen duela edo Merolikok emakume migratuei tokiko merkataritzan lan egiteko aukera eskaintzen dizkiela ikustea. 2020an soilik ideia politak zirenak orain errealitate bihurtu dira. Era berean, AuzoFactory La Canteran – Ekonopoloak ESSko ekintzaileei eskaintzen dien co-workingean – lurreratu berri diren proiektuak ezagutu genituen: Astinduz eta Xelebreak aholkularitza-enpresak, lehenengoak espazio digitalak sortzen espezializatuak eta bigarrenak sexologian, kulturartekotasunean eta generoan, eta zuzenbide digitalean zentratutako abokatu bulegoa Digitorium. Topaketaren helburua: berriz ere aurrez aurre egotea eta gure artean sinergiak sustatzea. Helburua bete da.